Nazabal ligako buru

Guaixe 2010eko irailaren 14a

Urrezko Aizkolari Txapeldunen ligan bederatzi jardunaldi jokatu dira dagoeneko. Igandean, Laguardian, Floren Nazabal etxarriarra eta Olasagasti aritu ziren lehian. Jokoan zeuden sei probatan Etxarri Aranazkoa izan zen nagusi; badirudi abuztu aldean gerrian izan zituen arazoek onera egin dutela. Lan guztiak egiteko 18:55eko denbora behar izan zuen etxarriarrak, eta ia bi minutu gehiago Olasagastik (20:47). Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga ez da oraindik erabaki. Momentuz Nazabal dago buruan, 8 punturekin eta lau jardunaldi jokatuta. Arrospidek zazpi puntu ditu lau jardunaldi jokatuta, eta Larretxeak eta Lopezek hiruna puntu, hiru jardunaldi jokatuta. Olasagastik ixten du sailkapena: 4 puntu bildu ditu jokatutako lau jardunaldietan.