Etxarrik preferenten mantentzea du helburu

Guaixe 2010eko irailaren 16a

Etxarri Aranatz futbol taldeak hasi du denboraldi berria. Iaz erregional mailatik preferentera igotzea lortu zuen denboraldi zoragarria borobilduz, eta aurreko asteburuan ekin zioten preferente mailari. 4-2 galdu zuten Gazte Berriak taldearen kontra, baina markagailuan aurrean izan ziren eta itxura ona eman zuten etxarriarrek. Herriko jokalariak oinarriEtxarri Aranatzek ez du apenas aldaketarik egin maila berriari ekiteko. Oinarria iazko plantilla da, soilik bi jokalari berri ariko direlako: Ivan Gorriz atezain altsasuarra eta Asier Urkia erdilari etxarriarra. Entrenatzailea ere iazkoa da, Fernando Montori. "Joan zen urtetik oso ongi integratu zen taldean eta jokalariekin, eta berarekin jarraitzea erabaki dugu" dio Etxarriko presidente Asier Ijurrak. Etxarriko zuzendaritzako batzordeko kideak ditu laguntzaile, Jose Javier Urkia Arretxe bereziki. Aldageletan oso giro polita omen dute. "Lana egin behar denean lan, eta hortik kanpo nahi dena. Giroa ederra da" azpimarratzen du presidenteak. Klubaren filosofiari jarraituz, aldaketa gutxi egin dituzte, euren filosofia jokalariak mantentzea baita, herriko eta inguruko jokalariekin aritzea. Izan ere, plantillan 23 jokalari daude, eta horietatik 3 iruindarrak dira eta gainontzekoak sakandarrak, etxarriarrak bereziki. Etxarrin argi dute aurtengo helburua preferente mailan mantentzea dela. "Ez dugu beste helbururik" diote. "Ikusi beharko da gainontzeko taldeak nola dauden eta zer egin daitekeen, baina jokalariek ilusioa badute pentsatzen dut gure helburua lortuko dugula" gaineratzen du Ijurrak.Preferente mailako lehen multzoan ariko da Etxarri. Arerio gogorrenak zeintzuk izango diren galdetuta, hirugarren mailatik jaitsi diren taldeak aipatzen dituzte, baina ez dute oso garbi. "Urte batetik bestera taldeetako jokalari eta entrenatzaileak aldatu ohi direnez, ezin da garbi esan zein talde ibiliko diren goian" azaltzen dute. 25.000 euro kategoria guztiendakoEtxarri Aranatzek 25.000 euroko aurrekontua du denboraldi honetarako, baina klubeko kategoria guztietako taldeendako, ez soilik preferente mailarako. Izan ere, Etxarrik jubenilen, kadeteen, haurren eta kimuen futbol taldeak dauzka. Kategoriaz igo izanagatik gastuak ez omen dira gehiegi ere igo. Diru iturri nagusiak bazkideak eta babesleak dira, eta kontuak ixtea zaila dela diote, nahiz eta azkenean hori lortu.Zuzendaritzan kide berberek jarraitzen dute. Jendeari asko kostatzen omen zaio juntara sartzea edo esku bat botatzea, baina juntak ateak zabalik dauzka gerturatu nahi duten ororendako. "Animatuta gaude, baina lan asko dago egiteko eta sarritan justu-justu heltzen gara. Horrek nekatzen du gehien, baina aurrera tiratuko dugu" Zale fidelak dauzka Etxarrik, duela urte batzuetatik ona taldea jarraitzen dutenak, eta hori ere eskertzen du klubak. Beraz, ilusio guztiarekin ekin dio preferente mailari Etxarri Aranatzek. Gainera, larunbatean zaleen aurrean jokatuko du, San Donato futbol zelaian, Gares taldearen kontra. Ea zortea alde daukaten. Etxarri Aranatz 2010-2011JokalariakAtezainak: Ivan Gorriz (Altsasu, Altsasutik dator) eta Victor Melero (Iruñea).Atzelariak: Hodei Lakuntza (Etxarri Aranatz), Luis Goñi (Etxarri Aranatz), Markel Azkona (Etxarri Aranatz), Mikel Iriarte (Arbizu), Ondatz Igoa (Etxarri Aranatz), Unai Artieda (Etxarri Aranatz), Unai Ijurko (Etxarri Aranatz) eta Xabier Arratibel (Etxarri Aranatz), Erdilariak: Aritz Ikobalzeta (Etxarri Aranatz), Artzai Iraurgi (Etxarri Aranatz), Asier Urkia (Etxarri Aranatz. Berria da), Etor Alegria (Lakuntza), Mikel Goikoetxea (Etxarri Aranatz), Pablo Jauregi (Etxarri Aranatz), Prince Adagohfua John (Iruñea) eta Xabier Urrestarazu (Etxarri Aranatz). Aurrelariak: Asier Arratibel (Etxarri Aranatz), Iker Salinas (Etxarri Aranatz), Javier Rueda (Iruñea), Jon Etxeberria (Etxarri Aranatz) eta Xabat Goikoetxea (Etxarri Aranatz). TeknikoakEntrenatzailea: Fernando MontoriLaguntzaileak: Zuzendaritzako kideak, Jose Javier Urkia Arretxe bereziki. ZuzendaritzaZuzendaritzako juntako kideak: Asier Ijurra (presidentea), Iñaki Elvira (presidenteordea), Martin Goikoetxea (diruzaina), eta Jose Javier Urkia, Eduardo Elso eta Xabier Razkin (kideak).