Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralaz geroztik Soto del Real espetxean preso dago Joxe Aldasoro Jauregi. Aurreko asteko sarekadan atxilotutako guztiak baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Grande-Marlaska epaileak.Atxilotutako guztiak Ekin-eko zuzendaritza nazionaleko kide jo ditu epaileak autoan. Haren esanetan "ezker abertzalearen barruan ortodoxia mantentzen duten ETAren komisario politikoak dira Ekin-ekoak". Horregatik epaileak guztiei "erakunde terroristako kide izatea edota kolaborazio terrorista delitua" leporatzen die. Etxarri Aranazko Udalak deituta, larunbatean Aldasororen askatasuna exijitzeko eta errepresioa bukatzeko manifestazioa eginen da.Tratu txarrakAmnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi du Aldasorok atxilo-aldian tratu txarrak jasan zituela eta salatu zuela epailearen aurrean. AAMk zabaldu duenez, behin Madrilen, gela ilun batean eduki zuten Joxe, denbora luzez. Handik ateratzean antifaza jantzita egiten zuten. Iturri beraren arabera, Joxek "jazarpen psikologiko oso gogorra izan du. Bere senideen inguruko mehatxuak izan ditu, bere bizitza pertsonalarekin sartu dira. Oihu ugari egin dizkiote eta zarata ugari entzun ditu inkomunikaturik egon den aldian". Horrekin batera, arnasarik gabe uzteraino buruan poltsa jarri ziotela, ariketa fisikoak eginarazi eta postura deserosoetan egotera behartu zutela salatu zuen etxarriarrak.