Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko asteburuan Nafarroako Maila Nagusiko txapela jantzi zuen Floren Nazabal aizkolariak, eta igandean beste final bat du jokoan: V. Urrezko Aizkolari Txapeldunen Kopa. Aipatu kopako finalean Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligan sailkatutako lehen lau aizkolariak ariko dira: Nazabal, Arrospide, Larretxea eta Lopez Azpilikueta. Finala Arabako Pobes herrian jokatuko da, igandean, 12:00etan. Bost lan egin beharko dituzte: 45 ontzakoa zenbat kolpetan moztu; 45 ontzakoa erlojuaren kontra moztu; 45 ontzako bi enbor moztu, bata zutik eta bestea etzanda; 60 ontzakoa moztu; eta lan luzea, 60 ontzako bi enbor eta bi kana erdiko moztu. Etxarriarra da Kopa lortzeko faboritoa. Badirudi gerriko arazoak gaindituta dituela baina ikusi behar hala den eta arerioek nolako peleia ematen dioten.