Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean 2010eko Euskal Kantu Txapelketako lehen kanporaketa jokatu zen Etxarri Aranazko kultur etxean. Sei talde eta bakarlari igo ziren oholtza gainera. Parte hartzaileek sormen erakustaldi ederra egin zuten. Gehienek taldekideek sortutako abestiak eskaini zituzten, taldeka nahi bakarka. Euskal kanta zaharrak eta atzerriko taldeen abesti ezagunen itzulpenak entzuteko aukera ere izan zen. Parte hartzaileen artean zeuden Altsasuko Iaioak taldea eta Mikel Goñi bakarlaria. Altsasuko taldeak ederki euskaratu eta moldatu zuen The Cramberries taldearen abesti ezaguna (Ametsak). Etzakit euskal taldearen Txikita ere eskaini zuten. Altsasuarrek instrumentazio aberatsa erakutsi zuten, hiru abeslari eta gitarra jole, gitarra elektrikoa, trikitixa eta bateriarekin. Mikel Goñi altsasuarrak berak sortutako Lore bat hartu dut abesti sentitua eskaini zuen, gitarra lagun zuela. Sakandarrekin batera oholtza gainera igo ziren Larraungo, Herriberako, Etxalarko, Aurizperriko eta Iruñerriko abeslariak. Gehienak Euskal Kantu Txapelketako eta Haur Kantari Jaialdiko aurpegi ezagunak ziren. Beste urte batzuekin alderatuta, aurtengo edizioa sormenagatik nabarmendu zen. "Agerian dago Nafarroako kantugintzak etorkizun oparoa duela" adierazi zuen Euskal Kantu Elkarteko Juan Velezek. Larunbatean jokatuko da Euskal Kantu Txapelketako bigarren kanporaketa, Artika Berriko Maria Maeztu kultur etxean, Berriobeitin. Bertan erabakiko da finalisten zerrenda. Amaia Dominguez epaileak hartuko du erabakia.