Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean omenaldi hunkigarria egin zioten erretiroa hartuta dabilen Joxemiel Peñagarikanori, bere jaioterrian, Beitzaman, eta horretarako jaialdi bikaina prestatu zuen Egur Sport enpresak. Lehenik eta behin 80 ontzako enborra zutik jarrita mozteko lana izan zen. Arrospidek eta Etxebestek 4 minutu eta 21 segundotan bota zuten, eta 4 minutu eta 33 segundotan Floren Nazabalek eta Vicentek. Aizkolari gazteek eta beteranoek erakustaldi ederrak egin zituzten, baina proba ikusgarriena binakako txapelketa izan zen. Lau multzotan banatuta, hamasei bikote neurtu ziren, eta multzo bakoitzeko biko onena sailkatu zen finalerako. Tartean Floren Nazabal eta Juanjo Erdozia etxarriarrak. Nazabalek Peñagarikano omenduarekin osatu zuen bikoa, eta Erdoziak Etxeberriarekin. Bada, lehen multzoan Arria V.a eta Otaegi gailendu ziren, bigarren multzoan Peñagarikano eta Nazabal - Erdozia-Etxeberria bigarren multzoko bigarrenak sailkatu ziren - , hirugarren multzoan Olasagasti-Jauregi eta laugarrenean Lopez-Mendieta. Eta lau bikoetako final ikusgarri eta dotorean Nazabalek eta Peñagarikanok irabazi zuten (5:54), Otaegi eta Arriari bi segundo atereaz, minutu bat eta bi segundora Lopez eta Mendieta sailkatuz eta minutu bat eta sei segundora Olasagasti eta Jauregi.