Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko Gaztetxean musika gaua izanen dute bihar gauean. Etxarriko seme Xabier Aldazen taldea igoko da oholtza gainera: Kaotiko indartsua. Haren aurretik, giroa berotuko du Aguraingo The Montons punk-rock taldeak. Giro ederra espero dute Etxarri Aranazko Gaztetxean.Aguraingo Kaotiko taldeak 2000 urtean hasi zuen ibilbidea. Kaos Etiliko desegitean sortu zen. 2011n etorri zen taldearen lehen diskoa. 10. urtemugaren atean dagoeneko kalean dute 6. diskoa. Euskal Herriko punk-rock-aren erreferentzia bilakatu dira.Urtearen hasieran argitaratu zuten Reacciona! diskoa eta orain haren aurkezpen biran murgilduta daude. Bihar Etxarrira iritsiko da bira. Kaotikoko bateria Xabi Aldazek taldearen eta kontzertuaren nondik-norakoak eman zituen BELEIXE irratiko Beriainpien saioan. GertutikXabier Aldaz, Kaotikoko bateria10 urteko ibilbide luze eta emankorra du Kaotikok. Horrela da, Xabi?Bai, 10 urte pasatu dira eta hor segitzen dugu gogotsu, Euskal Herri osora eta hemendik kanpo musika eramaten. Gure asmoa ahal dugun bitartean horretan jarraitzea da.Berriki argitaratu duzue Reacciona! diskoa. Nola joan zen grabazioa?Abestiak gutxinaka sortzen ditugu lokalean eta oinarria dugunean produkzio lana egiten duen Aritz Arregi deitzen dugu. Berak abestiak gehiago landu eta diskorako nola geratuko diren finkatzen du. Abenduan eta urtarrilean grabatu genuen diskoa Azkaraten, Katarain estudioetan, eta nahasketak eta masterizazioa Usurbilen egin genuen, Aritz Arregiren Ibain estudio berrian.Ondoren, egindako kontzertuetan erakutsi behar. Nola joan da denboraldia?Oso pozik gaude. Uste genuen krisiaren ondorioz gutxiago joko genuela. Baina 40 kontzertutik gora egin ditugu, beraz, ezin kexatu. Eta oraindik birak datorren urtean jarraituko du.Zein izan da kontzertu garrantzitsuena? Madrilen, Getafen En vivo jaialdian egon ginen. Ia 100.000 pertsona izan ziren jaialdian. Ez gaude ohituta horrelako jaialdi erraldoietan jotzera. Egunerokoa oso ezberdina da: kamerinoak, jatetxea, giro ederra... Bestelakoan, gehienak Euskal Herrian izan dira, herriko festetan eta orain, neguan, Gaztetxean.Hain zuzen larunbatean Etxarriko Gaztetxean aurkeztuko duzue diskoa. Zer eskainiko duzue?Leku guztiek dute bere berezitasuna. Plazak oso irekiak dira, jaialdietan jendetza dago eta Gaztetxeetan giroa oso zuzena da, aurrez aurrekoa. Nik uste dut biharko kontzertua esplosiboa izanen dela. Jendea gogotsu dago eta guk dugun guztia emanen dugu.Talderen bat aurretik?Aurretik The Montons izanen da, punk-rocka egiten duen Aguraingo beste talde bat. Gurekin lan egin duen jendeak jotzen du han eta normalean beraiekin egiten ditugu birak. Gu 12:30 aldera gu hasiko gara. Giro ederra izanen da eta denendako tokia dago.