Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxeko bitrina txapelez eta trofeoz beteta du Floren Nazabalek, baina etxarriarrak gustura eginen lioke lekua Euskal Herriko maila nagusiko txapelari. Aipatu final handia igandean jokatuko da, azaroaren 21ean, 12:30ean, Asteasun. Sei aizkolari ariko dira lanean: Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti, Juan Jose Lopez Azpilikueta, Joseba Otaegi eta Jexusmari Mujika. Abuztuan Berrobin jokatutako kanporaketan lortu zuten finalerako sailkatzea. Egin beharreko lana ez da txantxetakoa izanen: Iratiko basoko 12 pago enbor erdibitzea: lau kana-erdiko, 4 60 ontzako eta 4 oinbiko. Katedrak Floren Nazabal jotzen du faborito nagusia. Osasun arazoren bat izan edo hutsen bat egin ez ezean, gainontzekoak baino koska bat gorago dago etxarriarra, eta azkenaldian fin ibili da. Tartean Nafarroako maila nagusiko txapela ¬ - Nafarroako sei txapel ditu - eta Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga eta Kopa irabazi ditu. Iaz Euskal Herriko txapela Arbizun jokatutako final ikusgarrian jantzi zuen Nazabalek - bere bosgarren txapela jantzi zuen orduan - , eta ea igandean bere seigarren txapela litzatekeena Sakanara ekartzen duen. Nolanahi ere arerioak ez dira makalak, eta garaipena lortzeko lan oso txukuna egin beharko du etxarriarrak.