Markeliñe antzerki taldeak hitz gabeko antzezlan ederra dakar Etxarrira: Kartoibiraka. Munduari itzulia 80 kaxetan. Julio Verneren eleberrian oinarrituz bidaia, abentura eta jolasera gonbidatuko dituzte herriko txikienak. Abiapuntua kaxa biltegi bat da. Bertan langileak kaxa horiek antolatzen ari dira eta kamioira eramaten dituzte. Baina benetan dibertigarriena jolastea eta nahastea da. Kaxa barruan begiratu eta bidaiak amestuko dituzte. Biltegitik irten gabe globoz, itsasontziz edo gameluz, munduari bira emanen diogu, 80 kaxatan. Zein izanen da hurrengo helmuga? 10 urteko ibilbidean, Markeliñe antzerki taldeak munduko hamaika eszenatokitan eskaini du antzezlan ederra. Antzerkiak haurrendako ikuskizun onenaren Max saria jaso zuen 2000 urtean.