Oiarbide hirugarrena Kintopekoan

Guaixe 2010eko azaroaren 22a

Kintopekoen Euskadiko Harri Jasotze Txapelketa hartu zuen Doneztebek ostiralean. Kintopekoa 21 urtez beherako harri-jasotzaileari deitzen zaio, hortaz, txapelketa 21 urtez azpikoen harri-jasotzaileena da. Hiru harri-jasotzaile aritu ziren: Aitor Oiarbide etxarriarra (18 urte), Jon Unanue azkoitiarra (17 urte) eta Jagoba Otaegi aizarnarra (17 urte). Harri-jasotzaile bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharrarekin 3 minutuko txanda zuen eta 100 kiloko kubikoarekin 3 minutuko txanda. Bada, Jagoba Otaegi izan zen txapelduna. 41 jasoaldi egin zituen guztira, 28 jasoaldi 100 kiloko zilindro zaharrari eta 13 jasoaldi 100 kiloko kubikoari, guztira 4.100 kilo jasoz. Jon Unanuek, Goienatxo III.ak, 3.900 kilo altxatu zituen (24 jasoaldi zilindroari eta 15 kubikoari). Eta, bukatzeko, Aitor Oiarbide etxarriarrak 3.600 kilo bizkarreratu zituen guztira. 23 jasoaldi egin zizkion 100 kiloko zilindroari eta 13 jasoaldi 100 kiloko kubikoari.