Ezustekoa emanda Olasagasti txapeldun

Guaixe 2010ko aza. 22a, 00:00

Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketa1.Joxemari Olasagasti (Igeldo): 35:112.Floren Nazabal (Etxarri Aranatz): 37:073.Juanjo Lopez  (Lezaun): 37:464.Iñaki Azurmendi (Arriaran): 39:065.Joseba Otaegi (Zizurkil): 39:356.Jexuxmari Mujika (Ibarra): 40:15Iragarpen guztiak apurtuta, Joxemari Olasagastik jantzi zuen Euskal Herriko Aizkora Txapelketako txapela. 51 urteko igeldoarrak lan bikaina egin eta maila oso ona eman zuen. Ez, ordea, Floren Nazabal etxarriarrak. Azken hiru txapelketetako txapelduna eta aurtengo faborito nagusia zena, ez zen ongi ibili. Asteasuko pilotalekua bete zuten 600 zale baino gehiagok ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten, aurtengoa aspaldiko finalik estuena izan baitzen. Abuztuan Berrobin jokatutako kanporaketan finalerako sailkatzea lortu zuten ondoko sei aizkolariak aritu ziren lanean: Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti, Juan Jose Lopez Azpilikueta, Joseba Otaegi eta Jexuxmari Mujika. Iratiko basotik Peñagarikanok jarritako 12 pago enbor erdibitu behar zituen bakoitzak: lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Enbor garbiak ziren, txukunak, lan egiteko aproposak. Final oso estu eta ikusgarriaHasieratik Olasagastik erritmo bizia jarri zuen, eta nahiz eta Nazabal gertu ibili, aizkora-zaleak berehala ohartu ziren Floren Nazabal ez zegoela behar bezala, ez zebilela ohiko moduan, aurrera egitea kosta egiten zitzaiola. Olasagastik bere erritmoari bikain eutsi zion eta gutxinaka-gutxinaka aurrea hartuta, txukun-txukun aritu zen. Aldiz, lanak aurrera egin ahala, segundo oso baliotsuak galtzen joan zen Floren Nazabal eta, azkenean, enbor erdiko aldea atera zion Olasagastik (35:11). Nazabal txapeldunordeak minutu bat eta 35 segundo geroago bukatu zuen lana (37:07). Iazko txapeldunorde Juanjo Lopez hirugarrena sailkatu zen, eta atzetik Azurmendi, Otaegi eta Mujika sailkatu ziren. Aipatzekoa da aizkolari guztiek lan ona egin zutela, sei aizkolarien artean soilik 5 minutu eta 14 segundoko aldea geratu zelako; hots, txapeldunak soilik 5 minutu pasako aldea atera zion azken sailkatuari, aspalditxo gertatzen ez zena. 51 urteko igeldoarra iaz ez zen finala jokatzeko sailkatu, eta aurtengoa irabazi izanagatik pozez gainezka zegoen. "Lehendabiziko hiruren artean sailkatzea zen nire helburua, eta nire adinean txapela janztea ezin nuen ezta nire amets gozoenetan imajinatu ere egin. Nazabalek ez du bere eguna izan eta ni hasieratik gustura sentitu naiz" azaldu zuen Olasagastik. Euskal Herriko bere seigarren txapela jantzi du Olasagastik, Anjel Arrospideren kopurua berdinduz. Mikel Mindegiak du errekorra, 10 txapelekin, eta Floren Nazabalek 5 dauzka. Ez zen gustura arituFloren Nazabal txapeldunordeak ez zuen bere eguna izan. Ez zela gustura aritu nabarmendu zuen. "Azken entrenamenduetan ez nintzen gerriarekin gustura geratu eta gaur, hasieratik, ez naiz gustura aritu" adierazi zuen. Olasagasti parean izan zuen eta hura harrapatzen saiatu egin zen, baina ezin izan zuen.