Laida Aldazek uko egin dio Encuentros sariari

Guaixe 2010eko azaroaren 29a

Joan zen ostiralean egin ziren publiko Nafarroako Artista Gazteen Lehiaketako saridunen zerrenda. Beste behin ere, polemikak inguratu du sariketa. Laida Aldaz etxarriarrak Arte Plastikoetako bigarren saria irabazi du Shopping list gehiegizko kontsumoa kritikatzen duen instalazioarekin. 1.500 euroko saria irabazi zuen. Baina Nafarroako Gazteria Institutuak Artista Gazteekiko eduki duen politikarekin haserre, sakandarrak uko egin dio sariari.Bestalde, Literatura Sailean finalista zen Igor Razkin uhartearra saririk gabe geratu da.ArrazoiakEtxarriko artistak salatu duenez, oinarrietan agertzen zenaren aurka, "ez dago obra sarituak zabaldu eta bultzatzeko programarik eta erakusketarik". Arte Plastikoetan saritutako obren jabetza eta bere eskubideak Nafarroako Gazteria Institutuaren eskuetara pasatzen da, baina, "zabalkuntza programarik ezean, obra garapen aukerarik gabe geratuko da". "Lehiaketaren helburuen kontra, ez dute artelana bultzatuko" kexatu da etxarriarra.Bestalde, Laida Aldazek babesa azaldu die Arte Eszenikoetako sailean parte hartu duten artista gazteei. Gutxieneko mailarik ez zegoela egotzita, epaimahaiak hutsik utzi zituen final-erdiak. Horren aurrean etxarriarrak adierazi du "final-erdietara inor ez pasatzean, artistei haien lana erakusteko aukera ukatu zaiela". Etxarriarrak epaimahaiaren irizpideak ezagutu nahi izan zituen eta bilera eskatu zuen, baina ez zioten aukera hori eman. Arrazoi horiek guztiak direla eta, Laida Aldazek erabaki du Arte Plastikoetan irabazitako bigarren sariari uko egitea. Bere erabakiarekin bat egin dute Shopping list instalazioan lagundu dion Adriana Sotelo artista bisualak eta arte eszenikoetan lagundu duen Cruz Isael Matak. Era berean, gertaera horien ondoren, etxarriarrak atzera bota du Nafarroako Artista Gazteen Sormena Bultzatzeko deialdian parte hartzeko eskaera.IbilbideaLaida Aldazek dantza klasikoko eta garaikideko ikasketak egin zituen Iruñean. Ondoren, atzerrian jarraitu zuen formazioa. Gaur egun dantzari profesionala da eta Belgikan bizi da.Dantza garaikidean sakontzeko nahiak beste zenbait arte adierazpenean janztera eraman du. Bide horretatik, iaz bigarren saria irabazi zuen Nafarroako Artista Gazteen Lehiaketako Arte Plastikoen kategorian eta hirugarrena ikus-entzunezkoetan.