Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko abesbatzak Iruñeko Sinfonietta Academica orkestra gonbidatu du Gabonetako kontzerturako. Elkarrekin eskainiko dute G. Fauré konpositore erromantikoaren Requiem ezaguna. Gainera, Joaquin Taboada iruindarraren Ave Verum obra mustuko dute. Etxarri Aranazko abesbatzak kontzertu berezi hau antolatu nahi izan du 40. urtemuga ospatzeko. Bestalde, kontzertua berezi eginen duen beste arrazoi bat ere bada, 2003tik abesbatza zuzentzen duen Alicia Armendarizek abesbatza utzi baitu aldi baterako. Aurrerantzean Imanol Urzelai bergararrak hartuko du bere lekua.Orkestraren sarreraIruñeko Sinfonietta Academica orkestrak irekiko du kontzertua. Iruindarrek Karl Jenkins-en Palladio, Handelen Arpa eta orkestrarako kontzertua eta Mascagniren Intermezzo del Cavelleria Rusticana obrak eskainiko dituzte. Iruñeko musika ikasle talde batek eta Caroline Collier zuzendariak sortu zuten orkestra 1991n. Hasierako talde hura handitu egin da Nafarroako musikari amateurrekin, ikasleekin eta irakasleekin. Kontzertu sinfonikoak eta ganberakoak eskaintzen ditu, bakarka nahiz abesbatzekin batera. Igandean, soka eta metal orkestra, organoa eta arpa izanen dira. RequiemaGabriel Fauré-ren Requiem-a hilen meza ezagunenetakoa da. 1886 eta 1888 urteen artean idatzi zuen frantziar konpositoreak eta berehala mustu zen. Frantziarrak obra berritzailea egin zuen; ohiko Requiem ilunetik urrun, obra lasaia, esperantzaz betea idatzi zuen. Zera idatzi zuen egileak hari buruz: "Esan da nire Requiemak ez duela beldurra adierazten. Izan ere, nik horrela ikusten dut heriotza: zorioneko askapena bezala, zoriontasun handiagoaren esperantza bezala".Fauré-ren Requiem-a soka eta metal orkestra eta abesbatzarendako obra da. Obrak zazpi mugimendu ditu. Bi bakarlari izanen dira: bigarren eta seigarren mugimenduan Xabier Garziandia Etxarriko baritonoa eta laugarrenean Lola Elorza orkoiendarra. MustutzeaEtxarri Aranazko abesbatzak eta Sinfonietta Academica orkestrak Joaquin Taboadaren Ave Verum obra mustuko dute. Konpositore askok jarri diote musika Ave Verum eukaristia himno laburrari. Joaquin Taboadak ere barruko hitz goxo eta elizkoi horiek izan ditu inspirazio iturri. Estilo jakin bati eutsi gabe, obra atsegin eta hunkigarria egin du iruindar gazteak. Igandean jendaurrean entzun ahal izanen da lehen aldiz. Joaquin Taboadak Tafallako kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak. Ondoren, Piano Irakasle eta Solfeoko Goi Mailako irakasle tituluak atera zituen Iruñeko Goi Mailako Pablo Sarasate Kontserbatorioan. 1996tik musika mintzaira eta piano klaseak ematen ditu Azkoiengo musika eskolan. Bere obrek leku nabarmena lortu dute musika independentearen interneteko orrietan. Zenbait disko grabatu ditu.