Etxarriko abesbatzak eliza bete zuen

Guaixe 2010eko abenduaren 20a

Etxarri Aranazko abesbatzak kantuan ospatu zuen 40. urtemuga. Data gogoangarrian etxarriarrek kontzertu berezia eskaini zuten. Iruñeko Sinfonietta Academica orkestrak eman zion hasiera kontzertuari, arpa bakarlari eta guzti. Bigarren zatia hasteko, Etxarriko abesbatzak eta Iruñeko orkestrak Joaquin Taboadaren Ave Verum obra hunkigarria mustu zuten. Musikagile nafarrak ikusleen txalo zaparrada jaso zuen. Abesbatzak eta orkestrak G. Fauré-ren Requiem ezagunarekin itxi zuten kontzertua. Frantziako konpositore erromantikoaren obra sakonak ohi baina finago abestera behartu zuen Etxarriko abesbatza. Xabier Garziandiaren eta Lola Elorzaren soloek entzuleen txaloak piztu zituzten.Etxarriko abesbatzaren eta Iruñeko orkestraren emanaldiak ikusmira lortu zuen eta eliza inoiz ez bezala bete zen. Eserlekuak beteta, herriko, Sakanako eta Iruñerriko zenbait entzulek zutik entzun behar izan zuten kontzertua. Urtemuga kontzertua ixteko, Etxarri Aranazko koroak abesbatzaren 40 urteko historian etenik gabe abestu duten bi kideak omendu zituen, Enrique Garziandia eta Asun Garmendia. Bestalde, 2003tik abesbatza zuzendu duen Alicia Armendiariz orkoiendarra aldi baterako agurtu zen. Urtarriletik aurrera Imanol Urzelai bergararrak hartuko du haren lekua.