Zubietak belauneko lotailu gurutzatua erabat hautsia du

Guaixe 2010eko abenduaren 22a

Pronostiko okerrenak bete dira eta astelehenean Iruñeko San Migel klinikan egindako erresonantzia magnetikoak argi utzi du Aitor Zubieta pilotari etxarriarraren lesioa zenbaterainokoa den. Eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua erabat hautsita du etxarriarrak eta kirofanotik pasa beharko du. Hain zuzen ere ilbeltzaren 4an eginen diote ebakuntza - Iosu Sagastibeltza medikuak eginen dio ebakuntza Ubarmin Klinikan - eta hortik aurrera errehabilitazio lan gogorra egin beharko du, eta gutxienez 6 hilabete egon beharko da bajan. Berriki Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak izan duten lesio bera da etxarriarrak duena. Ebakuntza heldu bitartean errehabilitazio eta fisioterapia tratamendua jasoko du Zubietak, eta hanka indartzeko ariketak eginen ditu, operazioa errazago izan dadin.Egoerarekin jota dago etxarriarra. "Oso gaizki nago. Halako batekin lurra jotzen duzu. Baina hola etorri da eta aurre egin behar zaio" adierazi dio Guaixeri. Lesioak ez dira inoiz ongi etortzen, baina etxarriarrarena, gainera, potoloa da. Hala ere, gaztea da, eta errekuperaziorako ere hori du bere alde Aitor Zubietak. Aspeko mediku Jose Maria Urrutiak azaldu zuenez, ebakuntza egin eta ongi osatu eta gero "Aitorren belaunak garantia guztiak izango ditu". Jakina denez, larunbatean Oinatz Bengoetxearen kontra jokatzen ari zen etxarriarra, Kutxa Mastersaren finalerdia hain zuzen, eta markagailuan 9-4 galtzen ari zenean, lesionatu egin zen. Oinatzek pilota zabalera bidali, eta kontrakantxarako korrikaldian, nonbait heze zegoen leku batean jarri zuen hanka eta belaunak ihes egin zion etxarriarrari, krack egin zion. Etxarriarraren garrasia frontoi guztian barna entzun zen, eta pilotaria lurrean gelditu zen, sekulako minarekin eta mugitu ezinik. Etxarriarrak errehabilitazioan du buruaAitor Zubietak eskuin belauneko lotailu gurutzatua partzialki hautsita zuen aurretik. "Urte pasa neraman beldurrarekin jokatzen, belaunetako bereziekin jokatzen, eta larunbatean guztiz apurtu zitzaidan. Jota nago, baina hola etorri da eta egunetik egunera joan beharko naiz. Ebakuntza egin eta hortik aurrera errehabilitazioan hasi nahi dut, topera. Horrela, behintzat, burua lanean hasiko da ere, eta hobe egongo naiz" dio etxarriarrak. Tamalez, hastear dagoen Binakako Txapelketa galduko du Xalarekin batera egungo txapelduna den Aitor Zubietak. Horrek ematen dio pena gehien, binakako txapela ezin defendatzea. "Oso gogorra da txapelketan parte hartuko ez dudala onartzea, ilusizoz beterik bainegoen" dio. Horretaz gain, buruz burukoa ezingo du jokatu. Aurtengo binakakorako Aspeko apustu handienetakoa zen Zubieta, eta haren falta izugarri sumatuko du Eibarko taldeak. Bitartean, ea ebakuntza eta errehabilitazioa ongi doazen eta ahal bezain pronto atzera ere frontoietan ikusten dugun Etxarriko txapeldun handia.