Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 31n Zaldibarreko XXIII. Olazar Pilota Txapelketa ezaguneko finalak jokatu ziren. Lau t´erdian bi sakandar heldu ziren finalera: Ansotegi etxarriarra eta Ezkurdia arbizuarra. Bi sakandarren arteko lehia oso estua izan zen, eta azkenean Irurtzun taldean dabilen Ansotegi gaztea nagusitu zitzaion Ezkurdiari, 22-15. Aipatzekoa da Etxarritik Zaldibarrera zale ugari hurbildu zirela autobusez, Ansotegi animatzera. Zorionak bada, Ansotegi txapeldunari eta Ezkurdia txapeldunordeari. Lodosako txapela IjurrarendakoUrteko azken eguna ongi despeditu zuen Ansotegik, Olazar txapelketa irabazita, baina ilbeltzaren hasieran etxarriarrak ezin izan zuen Lodosan jokoan zuen txapela jantzi. Lodosako Gabonetako Masterraren finalak ilbeltzaren 2an jokatu ziren, eta 22 urtez azpikoan Ansotegik (Irurtzun) Iturriaga (Titin III.a) zuen bikote, Tainta (Zugarralde) eta Peñas (Titin III.a) pilotarien aurka egiteko. Partida gogorrean oso gutxigatik galdu zuten Ansotegik eta Iturriagak, 19-22, Tainta eta Peñasen alde. Azken hauek izugarri sufritu behar izan zuten Ansotegi eta Iturriaga menpean hartzeko. Baina poztasuna Ijurrak ekarri zuen Etxarrira. Lodosako Gabonetako Masterraren gazteen mailako finalean Ijurrak (Irurtzun) Unanuarekin (San Migel) osatu zuen bikoa, Lumbreras (Lodosa) eta Minaren (Huarte) kontra egiteko. Bada, nagusitasun osoz 22-13 gailendu ziren Ijurra eta Unanua. Ijurrari esker beste txapela bat etorri zen Etxarri Aranatzera, eta nahiz eta Ansotegik lana ez borobildu, zoriontzekoa da Lodosan egin duen lana.