Aspaldiko partez garaipena lortu zuen Etxarrik

Guaixe 2011ko urtarrilaren 10a

Urte berria ongi hasi du Etxarri Aranatz taldeak, aspaldiko partez irabazi baitzuen, 2-1, Leitzako Aurrera taldearen kontra. Hala ere sailkapenean azkena da Etxarri. Haizeak gogor jotzen zuen San Donato futbol zelaian, eta lehen zatian bi taldeek dominatu zuten, lehendabizi batak, gero besteak. Aurrerago Etxarri dominatzen hasi zen eta horren ondorioz heldu zen sakandarren lehen gola, 25. minutuan Asierrek sartu zuena. Leitzarrek jokaldi arriskutsuak burutu zituzten etxarriarren atera iritsi ziren jokaldi urrietan, eta horregatik ez zegoen lasai egoterik. Bigarren zatian Aurrerak dominatu zuen eta Olletak bana berdintzea lortu zuen. Aurrerak partida eskuetan izan zuen, baina partidaren bukaeran, 84. minutuan, Goikoetxeak 2-1a ezarri zuen markagailuan, eta garaipena eta hiru puntuak Etxarrin gelditu ziren. Sailkapen orokorrean Burlades da liderra, 30 punturekin, bigarrena den Subizarekin puntutara berdinduta. Etxarri azkena da, 16.a, 13 punturekin. Azken postuetan dauden taldeen artean oso diferentzia eskasa dago, eta ea Etxarrik putzutik ateratzea lortzen duen. Larunbatean 21 punturekin sailkapenean 10.a den Gazte Berriak taldea hartuko du Etxarrik San Donato zelaian. Ea garaipenak segida duen.