Tuterako Santa Quiteria zirkuituan jokatu zen Nafarroako Kros Motza. Hotza izan zen nagusi, baina korrika egiteko ona zegoen. Gizonezkoetan emozioz betetako lasterketa izan zen, Antonio Etxeberriak (Beste Iruña) garaipena lortu baitzuen, bere bigarren txapela lortuaz, iaz Altsasun jokatu baitzen Nafarroako Kros Motza eta orduan ere iruindarra garaile izan baitzen. Antonio Etxeberria negarrez heldu zen helmugara, eskuekin zerua seinalatuz, berriki hil zaion aita gogoan. Izan ere, ilbeltzaren 12an zendu zen David Salvador Etxeberria, Antonioren aita, gaixotasun larri baten ondoren. Etxeberriak, jakina, aita izan zuen gogoan. Berari eskaini nahi izan zion garaipena, eta baita une latz hauetan lagundu dieten guztiei ere, ama barne. "Gogorra egin zait lasterketa baina aitak hala nahiko luke eta ateratzea erabaki dut. Gainera, oso gutxi deskantsatu dut aste honetan..." zioen txapeldunak. Erritmo izugarrian osatu zituen Antonio Etxeberriak probako 4.104 metroak (11:27), Javier Nagoreri (Ardoi) 11 segundo aterata, eta Mostapha Charkiri (Hiru Herri) 15 segundo. Sakandarrei dagokienez, Israel Arbizu etxarriarra (Hiru Herri) 39.a sailkatu zen (13:16). Emakumezkoetan aurreko astean Altsasuko Krosean nagusitu zen Maitane Melero (Ardoi, 13:50) gaztea izan zen azkarrena, Raquel Gomez (Pamplona Atlético, 13:56) eta Vanesa Pacha (Hiru Herri, 14:01) korrikalarien aurretik.