Erdozia-Irazabal nagusi Zilarrezkoan

Guaixe 2011ko urtarrilaren 17a

Arbizuko kiroldegiak Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketako saioa hartu zuen igandean. Zilarrezko mailako jardunaldi bat eta Urrezko mailako beste bat egon ziren jokoan.Zilarrezko mailan sakandarrak aritu ziren elkarren artean lehian. Alde batetik Goizeder Beltza etxarriarrak eta Iban Resano dorrobarrak bikotea osatu zuten, eta bestetik, Juanjo Erdozia etxarriarrak Aritz Irazabal bizkaitarra (Ugao) izan zuen lagun. Jakina, sakandarrengan ikusmira sortu zuen probak. Bada, ez zen sorpresa gehiegirik izan eta Erdozia eta Irazabal nagusitu ziren. 45 ontzakoa zeinek azkarren mozteko proban 2:18ko denbora egin zuten Erdozia eta Irazabalek eta 2:26koa Beltzak eta Resanok. Aldiz, 45 ontzakoa zutik mozteko lanetan Beltza eta Resano moldatu ziren hobe. 1:50 denboran erdibitu zuten enborra, eta Erdoziak eta Irazabalek 2:01eko denbora behar izan zuten. Baina lan erdietan Erdozia eta Irazabal jaun eta jabe izan ziren. 7:48ko denboran erdibitu zituzten lau kana-erdikoak. Aldiz, 9:29ko erregistroa behar izan zuten Beltzak eta Resanok. Bukaeran, eta lan guztiak kontuan hartuta 12 minutu eta 9 segundotan amaitu zituzten lanak Erdozia eta Irazabalek, eta 13 minutu eta 45 segundo behar izan zituzten Beltzak eta Resanok. Eta Urrezko Mailan Joxemari Olasagasti eta Ruben Saralegi Urrezko Aizkoratik kanpo geratu ziren, igandean Arbizun Azurmendiren eta Atutxaren kontra galdu eta gero. Aurretik Arrospide eta Mugerza II.aren kontra galdu egin zuten ere, eta horregatik txapelketatik kanpo daude. Azurmendik eta Atutxak Arbizun jokoan zeuden sei saioak irabazi egin zituzten. Lan guztiak kontuan hartuta 21 minutu eta 52 segundotan bukatu zuten lana. Aldiz, Olasagastik eta Saralegik 24 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten. Asteburuan Erdozia eta Goñi laneraBinakako Urrezko Aizkolarien Txapelketa aurrera doa eta hurrengo asteburuan bi jardunaldi jokatuko dira. Zilarrezko mailan Juanjo Erdoziak eta Aritz Irazabalek Xabier Dorronsoro eta Aratz Mugerza III.a izango dituzte aurkari larunbatean, 18:30ean, Zerainen. Bestalde, Aritz Goñi etxarriarra izango da Zilarrezko mailan lehiara sartuko den beste sakandar bat. Julen Mendietarekin osatuko du bikoa etxarriarrak, eta Juan Rodriguez eta Jon Rodriguez anaia segobiarrak izanen dituzte aurkari igandean, 12:30ean Ataunen jokatuko den aizkora jaialdian.