Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arratibelekin batera Guardia Zibilak beste bost pertsona atxilotu zituen Nafarroan asteartean. Espainiako Barne Ministerioak zabaldu duenez, "Nafarroako Ekineko arduradunak dira atxilotuak". Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak agindu eta zuzendu du operazioa. Atxilotuak haren aurretik larunbatean pasatzea espero da. Epaileak ez du habeas corpus eskaera onartu. Irailaren 14an Guardia Zibilak beste 9 pertsona atxilotu zituen. Espainiako Barne Ministerioaren arabera iraileko atxilotuek Ekinen nazio zuzendaritzako kideak ziren. Orduko hartan Joxe Aldasoro Jauregi etxarriarra atxilotu zuten, egun Soto del Realen dago preso. AtxiloketaAsteartean, goizeko hiruak aldera sartu zen Guardia Zibila Patxi Arratibel Garziandiaren, Xafanen etxean. Hura bost orduz miatu ondoren etxarriarra atxilotuta eraman zuten, inkomunikatuta. Atxiloketarako Guardia Zibileko 6 patrol eta furgoneta bat etorri ziren Etxarri Aranatzera. Etxarritik Iruñera eraman zuten Arratibel, bere lantokia, Herriko Taberna, miatzera. Bai Etxarrin, bai Iruñean senideek ezin izan zuten harekin egon, urrundik ikusi bazuten ere. ErreakzioakAmnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) atxilotuek inkomunikazio aldian jaso dezaketen tratuarekin "kezka" azaldu du. Iaz 63 tortura salaketa izan zirela gogorarazi du. AAMren iritziz "Euskal Herrian abian den prozesu politikoa zapuzteko eginahalean dabiltza Espainiako agintariak". AAMren ustez "Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoan eta, beraz, baita abian den prozesu politikoan ere Nafarroako mugimenduek duten garrantziaz jakitun dira, eta horregatik zigortzen dute bertan aldaketa politikoa egon dadin lanean ari den sektorea".Bestalde, Gernikako Akordioko sinatzaileek atxilotutako pertsonak "berehala" askatzeko eskatu dute. Espainiari dei egin diote aurrera daraman dinamika bertan behera uzteko (atxiloketak, jazarpenak, epaiketak, epaiak...). Jokabide hori salatzeko manifestazioa deitu dute larunbaterako Iruñean. 17:30ean abiatuko da Golem zinemetatik. Arratibel inkomunikatuta dagoen bitartean egunero, 20:00etan, informazio batzarrak egin eta eginen dira Etxarrin. Asteartean, esaterako, 300 pertsona bildu ziren. Ondoren herriko irteeretan kontrolak izan ziren. LaugarrenaIkasturte honetako laugarren atxiloketa da asteartekoa. Irailaren 14an Joxe Aldasoro Jauregik atxilotu zuen Guardia Zibilak Etxarri Aranatzen, Ekinekin kontrako sarekadan. Irailaren 21ean Aritz Ganboa De Miguel atxilotu zuen Poliziak Arruazun. Askapenaren kontrako operazioa izan zen hura. Ganboa abenduaren 23an bermepean aske gelditu zen. Lastailaren 22an Imanol Salinas Ijurko Olatzagutian atxilotu zuten, Segiren kontrako sarekadan.