Arratibel preso sartu dute

Guaixe 2011ko urt. 24a, 00:00

Larunbataz geroztik espetxean da Patxi Arratibel Garziandia. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak agindu zuen espetxeratzea. Ekineko kide gisa ezker abertzaleko beste erakunde batean aritzea leporatzen dio epaileak eta, horregatik, "ETAko kide izatea edo harekin kolaboratzea" egotzi dio Arratibeli. Ezker abertzaleko kide batzuekin bilerak egitea eta dokumentu politikoak edukitzea leporatzen dio ere Grande-Marlaskak. Epailea Guardia Zibilaren txostenean oinarritzen da hori baieztatzeko, eta kuartelean egindako deklarazioak aintzat hartu ditu.

Tratu Txarrak
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi du Arratibelek asteartetik larunbatera bitartean Guardia Zibilaren eskuetan zegoela tratu txarrak jasan zituela. AAMk azaldu duenez, Arratibel ez zen mediku forentseari tratu txarren salaketa egiten ausartu, "baina epaileari zehaztasun handiz azaldu dio jasan duen infernua". AAMk jakinarazi duenez, polizi deklarazio batean, bere sinaduraren ondoren aztnugal idatzi zuen. Hau da, laguntza atzekoz aldera idatzita. Arratibelek epaileari jakinarazi zion "babesik gabeko egoera izugarri horren aurrean, tortura saio gogorren erdian, laguntza behar zuela". Inkomunikazio aldian Arratibeli hainbat aldiz buruan poltsa jarri ziotela eta kolpe ugari eman zizkiotela jakinarazi du AAMk. Horretaz gain, Arratibeli  senide eta hurbileko lagunekin mehatxu ugari egin zizkiotela eta bortxatzeko eta elektrodoak jartzeko imintzioak ere egin zizkiotela azaldu du AAMk.

Bestalde, ostiralean, 40 bat kazetarik sinatutako manifestu bat aurkeztu zuten, apurtu.org web gunea kudeatzeagatik atxilotutakoekin elkartasuna adierazteko. Sinatzaileen artean, besteak beste, Beleixe, Guaixe eta Hitzondo hedabide sakandarretako kazetariak zeuden.