Dorremonea plazako zoruari eusteko harresia eginen du udalak

Guaixe 2011ko urtarrilaren 26a

Etxarri Aranazko Udalak hilaren 11n egindako bilkuran aurtengo aurrekontua onartu zuen. Guztira 1.928.969,84 euro kudeatuko ditu udalak aurten. Tasei dagokionez, orokorrean %2 igo ditu udalak, KPIaren igoeraren pare. Etxarri Aranazko alkate Maider Goñi Errazkinek jakinarazi digunez aurtengo aurreikusitako inbertsio garrantzitsuena Dorremonea plazara zuzenduta dago. Behean dagoen Sagarmineta kalerantz hari da mugitzen lurra. Horrek plazako zorua zati batean zartatu du eta gero eta tarte handiagoa zabaltzen ari da. Gehiago handitu aurretik eta duela gutxi berritu ziren sareei eta zoru zati handiago bati eragin aurretik konponbidea ematea erabaki du udalak. Goñik azaldu digunez lurrari eusteko Sagarmineta kalean harresi bat eginen dute. Lan hauetarako udalak 40.000 euro inguru jarriko ditu. Horri Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza gehitu beharko zaio. IbilbideakGoñik azaldu digunez, Etxarri Aranazko Udalaren asmoa aurten mendi ibilbideak seinaleztatzea da. Behar bezala homologatzeko neurriak hartuko dira lehenik, ondoren seinaleztatzeko. Udalaren asmoa mendi ibilbideen eskaintza zabaltzea, turismoa erakartzeko da. Lan horietarako udalak 52.132 euro jarriko ditu. Cederna Garalurretik beste 44.268,07 euro etorriko dira. Alkateak jakinarazi digunez mendi ibilbide horiek egoki prestatzeko egin beharreko garbiketak Sakanako Mankomunitateak aurten martxan jarriko duen basolanen enplegu tailerreko kideek eginen dute. Tailer horretan 25 urtetik gorako 15 sakandar ariko dira lanean maiatza eta lastaila artean. Mendi ibilbideen asmoa Auntzetxe berrituarekin lotu du Goñi alkateak. Azaldu digunez, lanak despedituta daude, udalaren asmoa da orain haren erabilera antolatzea. Horretarako mendizale taldeekin biltzeko asmoa du Etxarri Aranazko Udalak. Bide batez, Auntzetxerako pistaren erabilera ere arautzeko asmoa luke udalak. Musika eskolaEstatuko funtsekin iaz hainbat lan egin eta gero, udal langileak musika eskola izanen dena margotzen ari dira. Mojei erositako eraikinak hartuko du musika eskola. Udalaren asmoa leku aldaketa Aste Santuko oporraldia baliatuz egitea da. Aldez aurretik zenbait altzari ere erosi beharko ditu. Bestalde, Goñi alkateak jakinarazi digunez, udalak nahikoa aurreratua du administrazio elektronikorako lana. Horrek udalaren web bidez makina bat tramite egiteko bidea emanen du.