Binakako Urrezko Aizkora Txapelketa azken txanpan dago, finalerdietan hain zuzen. Floren Nazabal etxarriarrak eta Arkaitz Jauregi ilarduiarrak lehendabiziko finalerdia jokatuko dute igande eguerdian Munitibarren, Anjel Arrospide leaburuarra eta Ugaitz Mugerza II.a mutrikuarra izango dituzte aurkari. Saria, potoloa: finalerako txartela lortzea. ETB 1ek eskainiko du norgehiagoka zuzenean. Iaz finalerdietan erori ziren Nazabal eta Jauregi, Larretxea aita-semeen kontra bost segundo eskasengatik galdu eta gero. Aurten otsailaren 27an Azpeitiko Izarraitzen jokatuko den final handian egoteko aukera handiak dituzte, baina lehenik eta behin maila bikaina ematen ari diren Arrospide eta Mugerza II.a menpean hartu beharko dituzte igandean. Etxarriarra eta arabarra sasoi betean daude eta maila ona eman dute, baina Arrospide eta Mugerza II.a ez dira makalak. Katedrak faborito jotzen ditu lehendabizikoak, baina dena eman beharko dute Arrospideren eta Mugerza II.aren kontra. Sei lan egin beharko dituzte: kolpeka 45 ontzakoa moztea; zutik kana-erdikoa erdibitzea; erlojuz kontra 45 ontzakoa erdibitzea; 45 ontzako bat zutik eta bestea etzana moztea; 2 60 ontzako erdibitzea; eta lan erdiak: lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztea. Ea Nazabalek eta Jauregik finalerako txartela lortzen duten.