Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean amaitu zen Kulturako Vianako Printzea Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea. Nafarroako prentsan agertu denez, hautagaien artean dago Luis Bakaikoa Martich etxarriarra. Nafarroako Gobernuak 1990ean sortu zuen Vianako Printzea Saria, Nafarroako norbanako, talde edo erakundeek kulturan egindako lana aitortzeko helburuarekin. Pasa den urtetik Nafarroako Gobernuak kultura sariarekin batera elkartasun eta dependentzia sariak ematen ditu eta sariak Nafarroako eremua gainditu du.Sakandarrek lekua egin dute Vianako Printzea Sarietan. 2009an, esaterako, bi sakandar zeuden hautagaien artean, Lorenzo Ondarra bakaikuarra eta Agustin Gonzalez Acilu altsasuarra. Azken horrendako izan zen saria. Luis Bakaikoa etxarriarra ere hautagai izan zen 2008an, baina oraingoz ez du saririk irabazi. BiografiaLuis Bakaikoa Martich 1920ko garagarrilaren 21ean jaio zen Etxarri Aranatzen. Txikitan Francisco Urrestarazu maisu organistak eman zizkion aurreneko solfeo ikasgaiak. Iruñean eta Madrilen amaitu zituen musika ikasketak. Etxarriarrak musikako lau karrera ditu: pianoa, organoa, kantua eta konposizioa. New Yorkera joan zen piano ikasketak hobetzera eta bertan zenbait sari jaso zituen. Zenbait organo kontzertu eskaini ditu atzerrian, esaterako, New Yorken, Filipinetan, Vatikanoko San Pedro basilikan.Instrumentuak jotzeaz gain, kanturako, pianorako eta organorako hainbat lan sortu ditu, esaterako: Misa in honorem Sanctae Luisae Marillaccensis (lau ahots eta organorako), organorako 25 motete, pianorako hiru kontzertu edo Aita Gurea (zazpi ahotsetara).Eliz ikasketak eta musika ikasketak egin zituen aldi berean. Apaiz eta misiolari pauldarra da.