Asto batek istripua eragin zuen autobian

Guaixe 2011ko otsailaren 21a

Larunbatean, 00:15 aldera, auto batek asto baten kontra jo zuen Sakanako Autobian (A-10), Etxarri Aranaz parean, Burundarantz zihoanean. Ezbeharraren ondorioz, autoan 56 eta 41 urteko gizonek zauri arinak izan zituzten. Batek mozketa eskuan eta besteak odola zerion zauria buruan. Osasun zerbitzuek Iruñeko ospitalera eraman zituzten bi zaurituak. Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez astoa talkaren ondorioz hil egin zen. Foruzainak eta suhiltzaileak istripua artatzen ari ziren bitartean, autobiaren beste norabidean beste asto bat zegoela jakin dute hainbat gidariren deiengatik. Suhiltzaileek hura autobiatik atera zuten. Ezbeharraren ikerketa Foruzaingoaren esku dago.