Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Encuentros lehiaketaren oinarriak ez betetzea egotzi diote. Salatzaileen artean dago Laida Aldaz etxarriarra Nafarroako Artista Gazteen Lehiaketaren 2010eko edizioa polemikak jota dago. Abenduan jakin genuen Laida Aldazek Arte Plastikoetako bigarren sariari uko egin ziola. Artista etxarriarra haserre azaldu zen Nafarroako Gazteria Institutuak artista gazteekiko zuen politikarekin eta, lehiaketaren oinarrietan agertzen zenaren aurka, salatu zuen "ez zegoela obra sarituak zabaldu eta bultzatzeko programarik eta erakusketarik". Orain, berriz, Arte Eszenikoetako sailean parte hartu zuten hamaika artista gaztek bat egin dute, tartean Laida Aldazek berak. Elkarrekin Nafarroako Gazteria Institutuak Encuentros lehiaketaren oinarriak bete ez zituela salatu dute. Gutxieneko mailarik ez zegoela egotzita, Arte Eszenikoetako epaimahaiak hutsik utzi zituen final-erdiak. Gazteen arabera "erabakia ikuskizunen bideo laburrak ikusita hartu zuten". Oinarrien arabera, finalerdietarako sei bat lan hautatu behar zituzten eta, horien antzezpenak ikusita, finalistak izendatu edo saria hutsik utzi. Gazteek salatzen dutenez, "final-erdietara inor ez sailkatzean, artistei haien lana erakusteko aukera ukatu zaie". Ondorioz, NGIk dioenaren kontra, "ez du artea bultzatzen".Gazteek azalpenak eskatu zituzten. Haien aurrean, NGIk lehiaketatik kanpo haien lanak aurkezteko aukera eskaini zien. Sei taldek onartu egin zuten, baina beste laurek salaketarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Salatzaileek azalpenak eskatzen dituzte eta, oinarriak jarraiki, ikuskizunak antzeztu eta bertan epaimahaiak azken erabakia har dezan eskatu dute.Nafarroako Gazteria Institutuak egotzitakoa ukatu du. Arte Eszenikoetako oinarrien gainetik jarri ditu lehiaketako oinarri orokorrak, eta haiek saria hutsik uzteko aukera ematen zutela adierazi du.