Orfeoia, atzera ere, New Yorkera

Guaixe 2011ko martxoaren 17a

Igor Ijurra etxarriarrak zuzentzen duen Iruñeko Orfeoiak, atzera ere, New Yorkerako bidea hartuko du. Iazko udazkeneko kontzertu arrakastatsuak fruituak eman ditu, eta datorren urteko maiatzean AEBetako hirira itzuliko dira. Manhattaneko Lincoln Center-en abestuko dute New Yorkeko Orkestra Filarmonikoarekin batera. Aipatu orkestra 1842an sortu zen eta munduko ospetsuenetakoa da. Hiru kontzertu eskainiko dituzte maiatzaren 31tik ekainaren 2ra. Beste behin ere, Iruñeko Orfeoiak Carl Orffen Carmina Burana abestuko du. Manuel de Fallaren Atlantida kantata eszenikoak osatuko du egitaraua. Rafael Frühbeck-en zuzendaritzapean ariko dira. Dresdeko Filarmonikaren zuzendaria bere ibilbidearen gailurrean dago. Burgostarrak ederki ezagutzen du Iruñeko Orfeoia, haren zuzendaritzan abestu baitzuten duela hiru urte Madrilen.Iruñeko Orfeoiak 2009an abestu zuen lehen aldiz Carl Orffen Carmina Burana kantata eszenikoa Fura del Baus taldearekin batera. Hari esker, lekua egiten ari da nazioarteko agertokietan. Horrela, uztailean Lyongo (Frantzia) jaialdian parte hartuko dute.