Etxarri Aranatzek lau buruhandi eta bi erraldoi ditu. Aspaldi erosi omen zituen udalak, eta urteen poderioz nahikoa izorratu dira. Aipatu buruhandiak eta erraldoiak konpondu eta berreskuratzeko asmoz, 9 urtetik gorakoei zuzendutako tailerra antolatu du Etxarri Aranazko udalak, Nafarroako Gobernuko Gazteria Sailaren laguntzarekin. Tailerra apiriletik aurrera gauzatuko da, larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara, Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Helburua festetarako txukun jartzea eta festetan buruhandiak eta erraldoiak ateratzea da. Etxarri Aranazko udalean ez dakite zein izen duten buruhandiek eta ezta erregeak nongoak ote diren. "Jakin badakigu Iruñerriko beste herri batzuetan berdinak dituztela, esaterako Atarrabian ateratzen dituztenak. Akaso beraiei galdetu beharko diegu noizkoak diren, ziurrenik buruhandi berdinak dituzten herriek batera erosiko zituztelako" adierazi du Etxarriko kultur teknikari Amaia Ijurrak. Udalak interes berezia du tailer honekin, alde batetik buruhandi eta erraldoiak berreskuratu eta festetan ateratzeko aukera izateko eta, bestetik, gazteei zuzendutako tailer interesgarri bat delako. Sakanako beste herri batzuetan buruhandiak konpondu eta berriak egin izan dituzte tailerren bidez, eta oso esperientzia aberasgarria da. Espero dezagun Etxarrin ere tailerra aurrera ateratzea eta udako festetan buruhandiak eta erraldoiak kaleak eta, bereziki, etxeko txikiak alaitzen ikustea. Izena ematea: apirilaren 1era arteTailerrean izena ematea zabalik dago apirilaren 1era arte. Horretarako Etxarri Aranazko Udaleko kultura sailera jo behar da (948 460 930 telefonoa edo kultura@etxarriaranatz.com posta elektronikoa). Matrikula 30 eurokoa izanen da.