Nafarroako txapelduna erabakitzeko garaia

Guaixe 2011ko apirilaren 8a

Otsailaren 19an hasi zen 2011ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Tafalla, Irurtzun, Doneztebe, Berriozar, Bera, Leitza eta Elizondotik pasa ondoren, Nafarroako bertsolari txapelketa helmugara iritsi da. 27 bertsolari sartu ziren lehian eta haietatik zortzi bertsolari iritsi final handira. Haien artean dago Eneko Lazkoz etxarriarra. Bihar lehiatuko dira Iruñeko Labrit pilotalekuan.BertsolariakZortzi bertsolari aterako dira kantxara: Julio Soto (Elizondon lehena 415,5 punturekin), Estitxu Arozena (Leitzan lehena 408 punturekin), Jon Barberena (Beran lehena 398 punturekin), Xabier Silveira (413 puntu), Julen Zelaieta (398,5 puntu), Eneko Lazkoz (396,5 puntu), Oskar Estanga (390,5 puntu) eta Xabier Terreros (382 puntu). Faboritoen artean zeuden azken bi urtetako txapeldunak, Julio Soto eta Xabier Silveira, eta orain arte ez dute huts egin. Elizondoko txapelketan parez pare ibili ziren bi bertsolariak. Estitxu Arozenak eta Julen Zelaietak ere badakite zer den txapela janztea eta txapelketaren hasieran maila ederra eman dute. Sakanako lehiakideari dagokionez, Eneko Lazkoz bikain aritu zen Irurtzungo kanporaketan. Finalaurrekoan, berriz, akats bat edo beste egin zuen. Duen guztia emateko prest joanen da Iruñeko Labrit pilotalekura. Han erabakiko da aurtengo txapelketa.Non eta zerNafarroako Bertsozale elkarteak eszenatoki berezian agurtu nahi izan du 2011ko txapelketa: Iruñeko Labrit pilotalekuan. Pilotari handien lekua hartuko dute bertsolariek. Pilotak beharrean, hitza eta sormena izanen dira haien tresna nagusiak. Erasoan nahiz defentsan, aurkariari erantzuteko gaitasuna erakutsi beharko dute, pilota txapapera bota gabe. Bertsolarien egitekoak hauek izanen dira: hasteko, zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hirua bertso, zortziko txikian bi punturi erantzun eta sei puntuko motzean binaka ofizioka hiruna bertso; eta kartzelakoan, gaia emanda bakarka hiru bertso. Puntu gehien batzen duten bi bertsolariak buruz burukora pasako dira. Txapela lehian, hamarreko txikian gaia emanda hiruna bertso egin beharko dituzte eta, kartzelakoan, gaia emanda bakarka bi bertso.Sarrerak agortutaFinalak ikusmina sortu du eta sarrerak agortu egin dira. Finala ikusi nahi duenak aukera izanen du www.bertsoa.com atarian.GertutikEneko Lazkoz, NBTX-ko finalista Beleixe irratianErrepasatu dezagun 2011ko NBTX. Nolako sentsazioarekin atera zinen 1. kanporaketatik, Irurtzundik?Nik uste dut saioa ona izan zela, eta nik egindako lanarekin gustura geratu nintzen. Zortziko txikian bertsoa joan zitzaidan eta kartzelakoan beste batzuetan baina ahalegin handiagoa egin behar izan nuen, baina, bestela gustura.Bigarren saioa Berako finalaurrekoa. Urduriago?Bertsoren batean amaieran esaldi luzeegia sartu nuen. Ez nintzen oso urduri sentitzen, baina akatsen arrazoia nonbaitetik etorriko da... Beste bertsolarien puntuazioaren zain egon beharra nola eraman duzu?Hor duzu buruan, ezin ahaztu. Ustez nire puntuazioa finalerako modukoa zen, baina hor zaudenean ez duzu horren argi ikusten. Bigarren saioaren ondoren nahiko argi ikusten zen eta orduan lasaiago. Finalera iritsita hasierako pixua kendu duzu edo orain beste nerbio batzuk dituzu?Lehenengo saiora lasai joan nintzen. Bigarrenean, finalaurrekoan, berriz, urduriago, azken urratsa baitzegoen jokoan. Joan zen astean asko pentsatu nuen finalean, baina asteburuan apur bat lasaitu naiz. Zenbait gai izan dituzue saio hauetan: Santiago bidea, bikote ohia ezkondu zela, Afrikako bidaia, estetizista lanak... Nola prestatzen duzue zuen burua?Momentuan inguruan gertatzen diren gaiei adi egotea lagungarria da. Adibidez, korrika ostegunean hasita, erraza da gaia ateratzea.Kartzelakoak prestaketa eskatzen du. Gainera finalean bi bertso beharrean 3 dira eta asko aldatzen da. Bi izanda, bigarrena pentsatu gabe hasi dezakezu lehen bertsoa, baina hirurekin... Hirugarrena nola akatu buruan izan behar duzu.Bihar final handia. Zer da zutako Labriten abesteak?Ni oso pilotazalea ez naiz, baina badu pisua Nafarroan. Gainera, hiru harmaila ditu eta errespetua emanen du. Hori dena jendez beteta ikustea... Badakigu bihar Herrikon bazkaria antolatu dela. Berriz ere zaleak atzetik izanen dituzu.Nik uste ni juergarako aitzakia naizela. Herritik hainbeste jende joatea pozgarria da, ilusioa egiten du. Bertso onekin bueltatu beharko dugu. Apustua ere badago: Ezetz 3. geratu?Zerbait entzun dut. Ni apuntatuko naiz eta irabazleak nirea ere ordaindu beharko du.Batzuek 3. tokian jarri zaituzte. Ausartzen zara apustua egitea? Hor daude Silveira eta Soto, ustez beraiek dira faborito nagusiak. Baina beste 6 gaude. Sorpresa izanen zen, baina ez dut baztertzen bi horien artean bakarren bat sartzea. Agian txapela irabazteko adina ez, baina gerra pixka bat emateko... Zorte on eta ea nolako saioa ateratzen den.Behin Labritera iritsita ahalik eta hoberen egin beharko dugu.