Beltza eta Goñi Banakako Urrezko Aizkolari Txapelketatik kanpo

Guaixe 2011ko apirilaren 5a

Egur Sport enpresak antolatuta, martxan da Banakako Urrezko Aizkolariak-Eusko Label Txapelketa. Lau mailatan jokatuko da: urrezko maila, etorkizuneko maila - 23 urtez azpian - , gazte maila eta gaztetxoen maila - 15 urtez azpikoa - . Txapelketan aritzeko aizkolari askok eman dutenez izena, hasiera batean urrezko mailako txapelketa abiatuko da, kanporaketa sisteman jokatuz. Horrela, asteburuan bi kanporaketa saio jokatu ziren. Larunbatean, Zegaman, 11 aizkolari aritu ziren, Goizeder Beltza etxarriarra tartean. Kana erdiko enborra erdibitu behar zuten denek, eta elkarren kontra aritu ziren. Goizeder Beltzak azken fasera arte aurrera egin zuen, baina finalean Irazabalek bidean utzi zuen. 11 aizkolarietatik Irazabal eta Urteaga sailkatu ziren txapelketan aurrera egiteko. Eta igandean, Urrestillak beste kanporaketa bat hartu zuen. Beste 11 aizkolari aritu ziren, Aritz Goñi etxarriarra tartean. Lan berbera egin behar zuten, baina Aritz Goñi ez zen horren fin ibili, eta lehendabiziko fasean geratu zen bidean, Mugerza III.aren eta Belauntzaranen kontra galdu eta gero. Rodriguez I.a eta Mugerza III.a izan ziren onenak eta beraiek eginen dute aurrera txapelketan.  Larunbatean beste kanporaketa bat jokatuko da Sodupen, 19:30ean eta igandean beste bat Izarran, 12:30ean. ETB1ek eskainiko du zuzenean.