Bertso mozkorra Labriten

Guaixe 2011ko apirilaren 11

Bero-bero zegoen giroa larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Bero, hego haize sargoriagatik, eta bero, 2011ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako final handia hastera zihoalako. Otsailaren 19an jarri zen abian 2011ko Nafarroako txapelketa Ondu, Dastatu lemapean. Bi hilabetetan lehian izan diren 27 bertsolariek ardo ederrak dastatzeko aukera eskaini digute. Erreserbako zortzi ardoak finalera iritsi ziren. Larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan bildu ziren 1.300 bertsozaleek bertso mozkor ederra hartu zuten. TxapelketaZortzi bertsolarik zuten finalerako txartela: Estitxu Arozenak, Jon Barberenak, Oskar Estangak, Eneko Lazkozek, Xabier Terrerosek, Julen Zelaietak, Julio Sotok eta Xabier Silveirak. Agurrarekin batera lehertu zuten bertso festa. Zortziko handian serio hasi ziren bertsolariak eta zortziko txikiak, berriz, umorearen leihoa ireki zuen. Eneko Lazkoz etxarriarra eta Oskar Estanga sakon aritu ziren immigrazioaren gaiaz. Estitxu Arozenarekin batera, berriz, eskola garaiko maitasun kontutan ibili zen. Sei puntuko motzean bertso hunkigarriak entzun ziren; nabarmentzekoak Estitxu Arozenak eta Oskar Estangak sexu erasotzaileen paperean botatakoak. Xabier Terreros eta Julio Soto goxo-goxo eta sakon aritu ziren semea eta ama elbarria paseatzen. Xabier Silveirak eta Julen Zelaietak, berriz, agerian utzi zuten haien umorea. Azken horren behatz keinuak joko handia eman zuen txapelketa osoan. Bestalde, Julio Sotok eta Jon Barberenak sosegua eta ziurtasuna erakutsi zuten.Kartzelakoa erabakigarriaLehen lanak eginda, ez zegoen ezer erabakita. Zortzi finalistek maila ederra eman zuten. Kartzelakoaren ordua iritsi zen eta bertsolariek jakin bazekiten txapelketa erabakiko zuela. Gaia honakoa: "Etxetik atera eta zuri buruzko pintada ikusi duzu". Bertsolariek norabide ezberdinak hartu zituzten. Etxera iritsi berri zen presoaren tokian jarri ziren Xabier Terreros, Julio Soto eta Eneko Lazkoz. Etxarriarrak ez zuen behar bezala gozatu eta bi esaldik ihes egin zioten. Zuzen aritu ziren bertsolari gehienak, baina Soto eta Silveira nabarmendu ziren, eta horrek buruz burukora eraman zituen. Buruz burukoaAriketa guztiak amaituta, lehen bien artean 20 puntu baino gutxiagoko aldea zegoenez, buruz burukoarekin jarraitu zuen saioak: Sotok eta Silveirak egin zuten aurrera. Bertsozaleek txalo zaparradarekin hartu zuen erabakia. Kartzelako gaia, egoera eta lekurako ezin egokiagoa: "Pilotaria zara. Buruz buruko finala jokatzen ari zara. Hogeita bana dago partida eta azken sakea egitera zoaz". Soto Irujoren gorpuan, Silveira Barriolari txapela eman nahian, biak txapelketa erabakitzeko gogotsu azaldu ziren. TxapelaTxapelketa amaitu zegoen eta hasi ziren porrak. Apustuak apustu bertsolari eta bertsozale guztiek txalo zaparradarekin hartu zuten epaileen erabakia: Julio Sotok irabazi zuen txapelketa. 1993an Iruñean jokatu zen azken txapelketan nagusi zen Manolo Arozenak jarri zion txapela Sotori. "Duela urte batzuk pentsa ezina zen Nafarroan maila honetako txapelketa" nabarmendu zuen. Bertso eskolek egindako lana txalotu zuen. Hain zuzen, Nafarroako bertso eskoletako ordezkariek banatu zituzten sariak, tartean, Etxarriko bertso eskolakoak. Gorritikoak jantzi zuen txapela, baina irabazleak Nafarroako bertsozale guztiak izan ziren.Enekoren sentsazioakEmozioz beteriko egunak dira finalak eta Eneko Lazkozek ere horrela bizi izan zuen; jendetzaren beroarekin eta, batez ere, sakandarren txaloekin hunkituta, baina bertsotan finalean sartzea nahi baino gehiago kosta egin zitzaiolako apur bat penatuta. "Labrit harmailetatik ezagutzen nuen, baina behetik asko aldatzen da. Eszenatokia ezker horman jarrita, bertsotarako primeran zegoen, ikusleak gainean genituen eta. Jendea hasieratik animatuta zegoen eta horrek animatu egiten du" azaldu zuen Beleixe irratian. Eneko Lazkozek gustura ekin zion finalari. "Uste dut lehen ariketan egin nuela bertsorik onena, immigrazio gaiarekin, Estangarekin batera. Bertsoa bakarrik ateratzen zitzaidan, baina hala ere erraz despistatzen nintzen" azaldu zuen. Umorearekiko keinuak egiten saiatu zen, "agurrekoak ez zuen espero nuen erantzuna izan. Zortziko txikian ere saiatu nintzen, baina Estitxu hobe hurbildu zen gazteen burura. Sei puntuko motzean seme iheslaria kartzean sartu dioten gurasoaren azalean garri zen eta ederki sartu zen gaian. "zoritxarrez gaia gertukoa dugu eta" zihoen. "Lehen bertsoarekin gustura geratu nintzen. Pena azken bertsoan poto egin nuela. Hor hasi zen nire gainbehera" esan zuen Sakanako irratian. Kartzelakoan gaia zehaztea kostatu zitzaion eta bertsoak pentsatzeko denbora gutxi izan zuen, "pistinara salto egin nuen. Ez nintzen ito, baina larri ibili nintzen" dio.  Akatsak akats, Eneko Lazkoz pozik atera zen Labrit pilotalekutik. Sakandarren faboritoa zein zen ere argi geratu zen: "Boli entzun, guretzat txapeldun" egin zuten oihu. Julio Sotoren lana txalotu zuen. Baita Lekunberriko eskolan biltzen diren gainerako kideena ere.    Txapelketa despeditu da, baina lanerako gogotsu jarraitzen du. Txapelketa aurrerantzean bi urtetik behin izanen da, baina tartean bestelako saioak antolatzeko nahia azaldu du. "Ongi legoke Joseba Beltza, Josema Leitza, Josu Etxanobe eta Oierrekin batera Sakanako taldea osatzea" dio. Hain zuzen, horiek izan dira 2011ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako Sakanako protagonistak. Batzuek oholtza gainean eta besteek atzean, denek ere lan bikaina egin dute. Sailkapena1.    Julio Soto    759 puntu2.    Xabier Silveira    754,53.    Estitxu Arozena     527,54.    Jon Barberena     515,55.    Julen Zelaieta         512,56.    Xabier Terreros     5077.    Eneko Lazkoz     4958.    Oskar Estanga     479,5