Aitor Zubieta uste baino lehenago ari da osatzen

Guaixe 2011ko apirilaren 10a

Nonbait medikuak harrituta utzi ditu Aitor Zubieta etxarriarrak, uste baino lehenago ari baita osatzen. Gaur hiru hilabete egin zioten eskuin belauneko lotailuko ebakuntza, eta pozik egoteko arrazoi asko ditu etxarriarrak, uste baino azkarrago eta hobeto osatzen baitoa. Jakina denez, lotailuena oso lesio gogorra da, eta poztekoa da etxarriarraren osaketa horren ongi joatea. "Dena oso azkar doa. Astetik asterako aldaketa izugarria izan da. Osatuta, muskulatura hartu dut, arintasuna ere bai, mugimendu guztiak berreskuratu ditut, dena normal dut, ez dut sentsazio txarrik eta dena perfektu daukat" adierazi dio Zubietak Gara egunkariari. Dena den, hezurrek elkarren artean soldatzeko denbora behar dute, eta, hortaz, etxarriarrak ezin du arriskatu, dena pikutara joan baitaiteke. "Medikuek esaten didate zorte izugarria izaten ari naizela, ez dela batere normala hain azkar osatzea, eta pixka bat itxarotea eta gelditzea tokatzen bazait, hala egingo dut" gaineratu du. Hortaz, kantxan espero baino lehenago ikusiko dugu etxarriarra, baina, hala ere, lasai hartu beharko du. Pilota emaitzak. Atzo Bilboko Bizkaia frontoiko jaialdia zabaltzen zuen partidan, Urrutikoetxeak eta Izak 22-17 irabazi zieten Alberto Ongayri eta Arrutiri.