Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Banakako Urrezko Mailako Txapelketako kanporaketak jokatzen ari dira. Larunbatean Sodupek hartutako kanporaketan 11 aizkolari aritu ziren lehian, Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarra eta Juan Jose Erdozia etxarriarra tartean. 11 aizkolariak lau multzotan banatuta aritu ziren, eta finalera bitarte 45 ontzako enborrak moztuz aritu ziren, onenek aurrera egiten zutela. Finalean, berriz, bi 45 ontzako erdibitu behar izan zituzten.Iñaki Vazquez "Sakana" lehen fasean geratu zen bidean, Kañamares III. eta Juanjo Erdoziaren kontra galdu eta gero. Erdoziak, aldiz, aurrera egin zuen finalera helduz. Daniel Vicente zuen aurkari, eta bera zen irabazteko faboritoa, baina etxarriarrak bi ontzakoak 2:52ko denboran erdibitu zituen, eta Daniel Vicentek, aldiz, 3:45ean. Hortaz, Erdoziak txapelketan aurrera egiteko txartela lortu zuen, Kañamaresekin batera. Asteburu honetan beste bi kanporaketa jokatuko dira, larunbatean, 19:30ean, Mañarian, eta igandean, 12:30ean, Orozkon. 8 partaide ariko dira kanporaketa bakoitzean.