Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Etxarri Aranazko lentzeria tailerreko ikasleek jendaurrean jarriko dituzte ikasturtean zehar egindako lanak. Ikasturte amaiera honetako erakusketa berezia izanen da. Izan ere, aurtengo ikastaroa Miren Eskisabel olaztiarraren gidaritzapean egin duten azkena izanen da. Ez da erraza izanen Miren Eskisabel ordezkatzea. Ikastaro klasikoaLentzeria tailerra Etxarri Aranazko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen ikastaro arrakastatsuenen artean dago. Amaia Ijurra kultura teknikariak azaldu digunez, zerbitzua bera baino lehenagotik antolatzen da, beraz 12 urtetik gora daramatza. Teknikariaren esanetan, taldean adin batetik gorako emakumeak nagusitzen dira. Alde horretatik, heziketa helburuaz aparte, lentzeria tailerrak gizarteratze helburua du: "josteaz aparte, ordu betez kontu kontari egoten dira, eta etxetik atera eta eguneroko errutina pixka bat mozten dute". Miren Eskisabelek gidatuta taldeak ezin hobeto bete du helburu bikoitza. Asko dira, orratza eta haria esku artean hartu eta, hutsik egin gabe, astero-astero lentzeria tailerrera joan diren etxarriarrak. 21 eta 20 laguneko lan taldeak gustura bildu dira astearte eta osteguneko hitzorduetan. Giro ederraren seinale da ikasturte amaieran egiten duten afaria eta bidaiatxoa. Aurten Asturiaseko bidea hartu dute. Ongi pasatu bakarrik ez; ikasi eta lan eskulan ederrak ere egin dituzte. Ikasturtean egindako lanak ikusgai egonen dira asteburuan Etxarri Aranazko kultur etxean. Datorren astean pintura tailerreko ikasleek hartuko dute txanda.ErakusketaMaiatzaren 7an, larunbatean, 18:00etatik 20:00etara, eta 8an, igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, Etxarri Aranazko kultur etxean.