Etxarrin, artea kalera!

Guaixe 2011ko maiatzaren 11

Etxarri Aranatzen artea helburu duen lagun koadrila bat bildu da. Hasiera batean, lokala bilatzeko asmoarekin hasi ziren, baina, bidean, ideia gehiago otu zaizkie. Etxarrin arte munduan potentzial handia dagoela ikusita, modalitate ezberdinetako taldeak zerrendatzeari ekin zioten. Zerrenda luze eta anitzarekin animatuta, artea kaleratzeko eguna antolatu nahi dute. Etxarriko artista eta kultur talde guztiak animatu dituzte artearen festara. Modalitate ezberdinei tartea eginez, herriko kaleak hartu, birtziklatu, berpiztu eta eraberritzeko nahia azaldu dute. "Herritik herriyandako" antolatutako arte eguna izanen da. Maiatzaren 12an, ostegunean, 20:00etan bilera eginen dute Etxarriko kultur etxean. Gonbidatuta dago arte egunean parte hartu nahi duen oro.