Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hesian taldeak kontzertua eskainiko du larunbatean, Etxarriko Euskal Festan. Sakanako taldeak itxura berria hartu zuen udazkenean. Abeslari eta tronboi jole berriarekin zuzenekoetara itzuli zen ilbeltzaren hasieran. Sakandarrek Altsasun hasi zuten ibilbide berria. Orduz geroztik, zenbait kontzertu eskaini dituzte batean eta bestean. Nazioartera ere jauzi egin dute. Boiseko (AEB) ikastolari Bihotzetik mundura abestia eskaini zioten. Bestalde, otsailean, Milanen (Italia) jo zuten Elkartasun astean. Palestinako elkartasun asteak Arbizura ekarri zituen apirilean. Bihar, atzera ere, etxekoen aurrean joko dute. Sakandarrek zenbait kontzertu eskaini dituzte Sarkor taldearekin batera. Bihar ere, kartela banatuko dute. Bizkaiko taldeak 2004an hasi zuen ibilbidea Arratzuko lokalean. Ordutik, bina maketa eta disko plazaratu ditu. Joan zen urtean aurkeztu zuen azken lana, Sentimendurik gabe diskoa. Punk-rock bizkorrak seriotasunean irabazi du. Bihar Sakanan aurkeztuko dute azken lana.Euskal festari amaiera emateko, Tximeleta plaza taldea igoko da plazara. Jai giroa ordu txikietaraino luzatuko da.