Txus Congil behin betiko Haizearen Orrazian

Guaixe 2011ko maiatzaren 27a

Otsailaren 14an utzi gintuen Txus Congilek, 58 urte zituela, gaixotasun luze baten ondoren. Hezitzailea izatez, Etxarri Aranatzen bizi zen hernaniarra, eta Askagintza taldea droga-mendekotasunen fenomenoaren normalizazioaren aldeko sortzaileetako bat izan zen. Askorendako Askagintzako "alma materra" zen.Aipatu elkartea Etxarri Aranatzen sortu zen 1988an eta Congilek urteak eman zituen taldea dinamizatzen eta droga-mendekotasunen prebentziorako esparruan lan egiten. Horretaz gain, zenbait politiko eta polizien droga trafikoagatik makina bat salaketa jarri zituen. Zenbaezinak dira gai honen inguruan Euskal Herri osoan eta bertatik kanpo eman zituen hitzaldiak eta gidatu zituen tailerrak, horietako asko Sakanan.Haren senitartekoek, lagunek eta ezagunek hitzordu garrantzitsua dute larunbatean, maiatzaren 28an, 12:00etan, Donostian. "Txus Congil, Memorian Bizirik Bizi" lelopean Askagintzak deitutako ekitaldian bere errautsak haizeratuko dituzte berak horren gustuko zuen Haizearen Orrazian.