Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lesionatuta egon ostean, Aitor Zubieta atzelari etxarriarra kantxetara itzuliko da igandean, ekainaren 5ean, Eibarko Astelenan 17:00etan antolatutako jaialdian. Partida nagusian Zubietak Xala lagun eta kidea izango du bikote, Retegi Bi eta Pascualen kontra jokatzeko. Partida zuzenean eskainiko du ETB1ek.Etxarriarrari abenduaren 18an apurtu zitzaion eskuin belauneko lotailua, Labrit pilotalekuan jokatzen ari zela. Ilbeltzaren 4an Ubarmin klinikan ebakuntza egin zioten eta ongi atera zen guztia. Belauneko lotailuko ebakuntza oso lesio gogorra da, eta hasiera batean pilotariak osatzeko gutxienik 6 hilabete beharko zituela aurreikusten zen, eta uztailean goro entrenatzen hastea aurreikusten zen. Baina guztia izugarri aurreratu da, prozesua uste baino azkarrago joan da. Ebakuntza oso ongi atera zen, errehabilitazio ariketak berehala egiten hasi zen Aitor Zubieta eta oso ongi joan dira. Martxoan pilotarekin lanean hasi zen, eta tartean guztiz osatu da Zubieta. Igandean atzelari etxarriarra berriro ikusiko dugu kantxan, eta hori poztekoa da oso. GERTUTIKAitor Zubieta AlbarrazinPilotariaLesio gogorraren ondoren igandean kantxetara itzuliko zara. Gogotsu?Bai, frontoian hasteko gogotan nabil, kontentu.Lesio larria izan zenuen, eskuin belauneko lotailua apurtu zenuen. Errekuperazio prozesua aurreikusi baino askoz azkarrago joan da.Bai, dena oso azkar eta oso ongi joan da. Pausoz-pauso joan gara baina uste baino azkarrago. Hasiera batean aurreikusten zen 6 hilabete emango nituela osatzeko eta uztailean fuerte entrenatzen hasiko nintzela, uztail bukaeran edo abuztuan kantxetara bueltatzeko. Larunbatean bost hilabete egingo ditut ebakuntza egin zidatela eta hurrengo egunean itzuliko naiz frontoira. Guztia atera da ongi: operazioa, errehabilitazioa... Gero entrenamendu gogorrekin hasi nintzen eta ongi sentitu naiz. Dena aurreratu da eta oso kontentu nago.Oraindik %100ean ez zara egongo, baina nola sentitzen zara, nola ikusten duzu zure burua?Sentsazioak onak izan dira hasieratik, baina halako prozesuetan pazientzia behar da, eta hemendik aurrera ere bai. Orain erritmoa hartzen eta jokoa hartzen joan beharko naiz. Txuriz jantzi eta beldur asko kendu beharko ditut. Entrenamendu gogorrak egin ditut eta ongi erantzun dut, baina oraindik konfiantza hartu beharko dut.Berehala udako torneoak hasiko dira. Helburu zehatzen bat jarri diozu zeure buruari?Helburua erritmoa eta jokoa hartzea da, kantxan aritzea eta %100ean jartzea. Baina hor daude Sanferminetako eta Gasteizko torneoak, izugarri erakartzen nautenak, eta ea lan ona egin dezakegun. Lehiatzeko gogo ikaragarria dut.Kantxetara bueltatzeko presa edo presioa nabaritu duzu?Inola ere ez. Sagastibeltza medikuak agindu du prozesu guztia, egin beharreko pausu guztiak, prozesuak eta errekuperazio eta entrenamendu epeak. Enpresak lasaitasun guztia eman dit eta alde horretatik ez da inolako presiorik egon. Guztiak kontentu gaude eta txuriz janzteko gogo handia dut.Xalarekin botilero lanak egin dituzu.Iaz ere aritu nintzen Xalarekin botilero lanetan, eta orain buruz burukoan. Ongi aritu naiz, gustura, baina lan ezberdina da. Kanpotik ikusten duzu dena, eta zerbait gehiago ezin eginaren inpotentzia hori duzu. Baina ongi ibili naiz, eta bera ere gustura.Ea lesioek lasaitasuna ematen dizuten!Ea hala den! Eskuak bigun samarrak ditut eta gutxinaka puntuan jarri beharko ditut, baina agoantatzeko moduan nago. Ea belaunek ongi erantzuten duten eta lesioek bakean uzten nauten!