Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko Udaberri, Larrañeta eta Karrikestu elkarteetako mendi taldeek azkenzale eguna edo finalista eguna ospatuko dute igandean, ekainaren 5ean. Goizeko 9:00etan hitzordua jarri dute Etxarriko plazan eta Etxarriko beheko baso eta mendietan barna ibilaldi ederra eginen dute. Zehazki, Basopokaletik Zamalgeñera joko dute eta aurten, nobedade moduan, udalak berritutako Auntzetxien eginen dute hamaiketakoa - orain arte Hirumugetan egiten zen - . Ondoren Txaigorri igo, eta Zelatamunotik barna Hirumugetara helduko dira. Handik behera eginen dute, Beitzeta eta Iruitturrietatik San Adrian ermitara jaisteko.San Adrianen auzate ederra izanen da eta finalista eguneko dominak banatuko dituzte. Ez dira haur jolasak eta trikitilariak faltako. Jakina, eguna borobiltzeko, bazkari ederrean bilduko dira. Izena emateko aipatu hiru elkarteetara jo behar da.Altsasuko Mendigoizaleak taldeak mendi ibilbidea antolatu du bihar, larunbatean. XI. Olazti-Kodes ibilbidea eginen dute. Eta Irurtzungo Iratxo mendi taldeak ibilbidea antolatu du iganderako. Adi mendira joango dira. Interesatuek jar daitezela harremanetan aipatu klubekin.Sakanako Mendizaleekin Deba-Zumaiako flyschak ezagutuSakanako Mendizaleak taldeak ekainerako ibilbidea prest du. Debatik abiatuta Zumaia arteko mendi martxa zoragarria prestatu dute ekainaren 12rako, hurrengo asteburururako. Lau ordu t´erdiko ibilaldi ederra eginen dute kostalde guztitik barna, eta flysch bikainak gertutik ikusteko aukera izanen dute. Itsasoaren eragin etengabearen ondorioz, itsaslabarreko harkaitz-geruzak agerian geratu dira eta formazio berezi horri flysch esaten zaio. Kostaldeko elementu bereizgarriena da, Biotopo Babestua izendatua. Flyscharen geruza-sekuentziak ia-ia 60 milioi urteko (duela 110 milioi urtetik duela 50 milioi urte ingurura) segida jarraitua osatzen du, eta hor lurraren historiaren gertaera eta kataklismo garrantzitsuen arrastoa ikus daiteke. Hortaz, paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera eskaintzen du Sakanako Mendizaleak taldeak.Autobusa goizeko 7:00etan abiatuko da Irurtzundik, Sakanako gainontzeko herrietan mendizaleak jasotzeko geldialdiak eginez. Aipatu ibilbidean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute hurrengo osteguna baino lehen, herrietako arduradunetara joz edo Jesus Ubedari (636 827 166) hots eginez.