Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzetik, etxarriar talde bat herriko kultur etxean biltzen da larunbat goizero. Bertan, Paola Ferrarik gidatuta, herriko buruhandiak berreskuratzen ari dira. Ez da nolanahiko lana, urteen poderioz, Etxarri Aranazko lau buruhandiak nahiko izorratuta baitzeuden. Gauzak ongi badoaz, herriko festatarako itxura berria izanen dute lau buruhandiek.Sorrerako itxuraPaola Ferrari txiletarrak esan digunez, Etxarriko buruhandiak 70eko hamarkadan egin zituzten, Zaragozan. "Inguruko buruhandi eta kiliki gehienak bezala, Zaragozako konpartsak indar handia baitzeukan" dio. Buruhandiak harri-kartoiz eginak daude. Material arina da, baina hezetasun handia hartzen du. Ondorioz, buruhandiak nahiko hondatuta zeuden. 40 urte geroago, berreskuratze-tailerrean hasierako itxura ematen saiatuko dira.Lehen lana, buruhandiak konpondu eta indartzea izan da, beti ere, pisurik gehitu gabe. Buruhandiei pisua kendu (batez ere, gehiegizko kapak eta kisua kenduz), zuloak tapatu eta egitura aldamioz indartu dute. Ondoren, falta diren piezak egin eta egunkari eta kolarekin batuko dituzte. "Ahal den neurrian, zituen materialak erabili ditugu" azaldu digun Paola. Amaitzeko, buruhandiak lixatu eta kolore orijinalekin margotuko dituzte.Festetarako itxura berriaBuruhandiak berreskuratzeko tailerrean Txaro Garziandia, Oihana Artieda, Naroa Anso, Kitz Mendiola, Amaia Karasatorre eta Amaiur Arratibel daude. Paola Ferrariren hitzetan, "lan-talde trebea dira". Hortaz, lanak aurreikusi baina arinago doaz. Horregatik, hasierako asmoa buruhandien buruak bakarrik berritzea bazen ere, arropak ere egitea aztertzen ari dira. Horrela, festetarako buruhandiak goitik behera apainduta leudeke.Bestalde, buruhandi bakoitzaren fitxa eginen dute. Bertan, non eta noiz egin ziren eta zein ezaugarri dituzten jarriko dute. Fitxak udaletxeko artxiboan gordeko dira, buruhandiak "udalaren ondarea baitira".Buruhandien argazkiak eskeTailerreko kideek herritarren laguntza eskatu dute. Buruhandiei lehen zuten itxura emateko argazki zaharrak eskatu dituzte. Udaletxeko Kultura Sailean utzi eta eskaneatu ondoen itzuliko dituzte.