Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko egunetan nahikoa mugimendu egon da beheko basoan mahaiak behar bezala jartzen. Sukaldeetan ere izan da zereginik aurretik ere. Eta iritsi da etxarriarren egun handia, laino artean hori bai. Etxarriarren artean azken egunetan gaurko eguraldia izan da hizketa gai nagusia. Euria eginen duen edo ez. Eguna lainotuta esnatu da eta jasoko duen esperantza dute etxarriarrek.Udalbatza 9:00etan abiatuko da etxe handiaren paretik, txistulariak lagun dituela. San Adrianerako bidea egin ondoren, 10:30 aldera edo fritada izanen da. Hau da, haragi gisatua biltzen diren guztiendako. Haren salda eta tomatearekin ondoren, zopa egin eta banatu eginen da. Ordurako udalak eramandako ardo kupelak zabalik egonen dira. Eguerdiarekin batera ermitak sainduaren omenezko elizkizuna hartuko du. Bitartean haragia burruntzian erretzen ariko dira besteak. Mahaira hirurak aldera eseriko dira etxarriarrak eta handik hiru bat ordutan ez dira jaikiko. Dantzakia dantzatu eta Gernikako Arbola abestu ondoren, herrira bueltan, kalejira amaigabea hasiko dute zazpiak aldera. Egarria kentzeko eta indarra hartzeko beharrezko geldialdiak eginen dituzte bidean, gauerdi aurretik herrira iristeko. Han Egan taldea izanen da dantzarako doinuak jarriko dituenak, 20:00etatik 21:00etara eta 22:30etik 2:30era.