Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hiru etxarriarrek - Xabier Garmendia, Fidel Jimenez eta Fernando Igoa (Poke) - apustua burutu zuten larunbatean Etxarrin. Erronka Etxarriko mendi gainera, bargara, igotzea zen. Fidel eta Fernando lasterketetan ibiltzen direnez, abantaila eman zioten Xabier Garmendiari: bi korrikalariak Imanolen bordatik abiatu ziren, eta, Xabier, Arrigorri gainetik, metro batzuk gorago. Gainera, duela 15 egun pisatu ondoren, Garmendiaren pisura iristeko falta zitzaien pisua gainean eraman behar izan zuten Fidelek eta Fernandok. Gutxi gorabehera 32 kiloko pisua gehitu zuten, motxilan burdin xaflak eramanda. Fernandok eta Fidelek irten eta bost minutu t´erdira gainditu zuten Xabier. Hari bere anaia Angel Garmendiak markatu zion pausua. Bargara igotzear zeudela, aldiz, Xabierrek esprintatu eta biak gainditu zituen. Bukaeran, 45 minutu inguruko denbora egin zuen Xabierrek. Poke metro batera geratu zen eta Fidel zertxobait atzerago. Hortaz, Xabier izan zen probako garailea. Apustuak ikusmin handia piztu zuen herrian eta hiru etxarriarren lana gertutik ikustera animatu ziren asko eta asko. Bukaeran, auzatea egin zuten mendi puntan.