Moderna bekarekin enpresa sortu du Etxarrik

Guaixe 2011ko ekainaren 23a

Asteartean sari banaketarekin despeditu zen Moderna Ekintzailearen Bekak programa, beka jasotako 26 enpresa proiektuei saria emanez. Saritu horien artean dago Iker Etxarri Karasatorre etxarriarra eta bere enpresa, Beleak.SL.Nafarroako Gobernuak ustatutako Moderna Ekintzailearen Beken helburua da enpresa bat sortzen buru-belarri aritu nahi duten ekintzaileak laguntzea. Iker Etxarrik azaldu digunez, programa horren parekorik ez dago estatuan. "Enpresa ideia bat baduzu, hori gauzatzen laguntzen dizu beka honek. Berdin da titulazioa izan edo ez".Etxarrik azaldu digunez, DMLS teknologia ezagutu zuen. Laser bidez lan egiten duen fabrikazio sistema horrek piezak egiteko balio du. Ordenagailuko hiru dimentsioetako iruditik zuzenean ateratzen ditu piezak, laserraren laguntzaz, eta inolako mekanizazio beharrik gabe. Piezen kanpoko eta barruko aldea landu daitezke, baita zailenak ere.Etxarrik azaldu digunez, duela bi urte DMLS gehiago ezagutzeko Alemanian eta Ingalaterran egon zen, enpresak bisitatzen. Teknologia horrekin zerbait egiteko asmoa sortu zitzaion Etxarriri eta  Moderna Ekintzailearen Bekek eman diote aukera. "Iaz hasi nintzen bekarekin. Diru bat eman didate enpresa aurrera ateratzeko buru belarri ibiltzeko. Gainera tutoritza izan dut, baita negozio eskola bateko laguntza ere".Jasotako aholkularitzarekin urte akabera-hasiera bitartean bezero pare bat opatu eta haiekin hasi zen lanean. Haietako batekin aurrera jarraitzen du. Lehen probak Aste Santuan jaso zituen eta Sanferminetarako azken emaitza espero du. "Egokia bada, bezeroak homologatuko nau eta bere hornitzaile izanen naiz". Makina bat sektoretan erabilgarria den teknologia dela azaldu digu: prototipoetan, aeronautikan, medikuntzan... Etxarrik oso gustura dagoela aitortu digu, eta jendea animatu du, urrian bekaren beste deialdi bat izanen baita.