Eta begiak zabaldu nituen...

Guaixe 2011ko uztailaren 5a

Horrela deitzen da Sagri Mauleonen azken erakusketa. Etxarri Aranazko artistak erakusketara eramanen ditu azken urtean egindako margolanak. "Etapa berri bat islatzen dute eta horregatik eman diot izen hori erakusketari" azaldu digu. Uztailean Bilboko Bizitza tabernan egonen dira ikusgai etxarriarraren konposizioak. Gaur mustuko du erakusketa lagun artean. Kuadro pertsonalakBilboko Bizitza tabernako hormak apainduko ditu Sagri Mauleonek. Tabernaren izenarekin bat egiten dute etxarriarraren konposizioek haiek ere bizi-bizirik baitaude. Izan ere, Sagri Mauleonen objektu pertsonaletatik, izaeratik edo gogoetetatik sortu dira. "Konposizio batzuk nire erradiografia batzuetatik hasi ditut, beste bat txikitako logelako paperetik... Badakit noiz eta nola hasten naizen, baina ez dakit amaieran zer geratuko den" dio etxarriarrak. Elementu horiei koloreak eta testura ezberdinak gehitu eta, gehienetan, emaitza abstraktua izaten da, "baina azpian nirekin lotura duten elementuak daude" argitu ditu Sagrik. Lau konposiziok osatuko dute erakusketa, haietako hirutan gorputza ageri da eta laugarrenean paisajea, baina margolariaren esanetan, "interpretazio ezberdinak izan ditzakete".Sormen prozesuaBizitza tabernako jabea laguna du eta erakusketa egiteko eskaintza egin zion Sagri Mauleoni. "Emaidazu urte bat" erantzun zion etxarriarrak. Etxarriarrak onartzen du margolanak sortzen geldia dela, "ez baita erraza barrua biluztea". Etxarri Aranazko Puttobeoki karrikan duen txokoan egin ditu margolanak. "Batzuetan ez da erraza beste planak baztertu eta margotzeko denbora ateratzea, baina gustura aritu naiz. Sortu ahal izatea miraria ere bada" esan digu. ErakusketaUztailean Bilboko Alde Zaharreko Bizitza tabernan (Dorre kalea 1). Uztailaren 5ean, asteartean, 15:00etan, mustutze-ekitaldia.