Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskaltzaindiak webgunera igo du Santiago Ezkerra Beltza etxarriarraren bizitza eta obraren liburua. Argitalpen digitala Iker/Jagon-tegia atalean kokatuta dago, Euskaltzainak bilduman. Euskaltzaindiak Santiago Ezkerra Beltza: bizitza eta lanak liburua argitaratu zuen 2009an. ‘Euskaltzainak’ bildumako 11. zenbakia da. Bertan, Santiago Ezkerra Beltza Lizarrusti (1925-2009) Etxarri Aranazko euskaltzain urgazlearen bizi ibilbidea eta bere lanen hautaketa bat eskaintzen da. 2009ko urrian aurkeztu zuten liburua Etxarri Aranatzen. Haren egile Andres Iñigoren esanetan, "Ezkerra euskaltzale sutsua eta idazle nekaezina zen". Etxarriarra, besteak beste, Guaixeko kolaboratzaile izan zen. Santiago Ezkerra Beltza Lizarrustik artikulu asko idatzi zuen. Liburuan 1954-1986 urteen artean Zeruko Argia, Príncipe de Viana eta Goiz-Argi aldizkarietan argitara eman zituen 127 artikulu bildu dira. Gai ugari ukitu zituen, guztien gainetik bere abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna agerian utziz. Osagarri gisa, Norbert Tauerri idatzitako gutun sail bat txertatu da argitalpenean. Testuen transkribaketan, egileak erabilitako grafia errespetatu da.