Aitor Ijurra Espainiako gazte mailako txapelduna

Guaixe 2011ko uztailaren 6a

Berri onak bata bestearen atzetik ditugu azkenaldian pilota munduan. Jakin izan dugunez, Aitor Ijurra etxarriarra Espainiako Pilota Txapelketako txapelduna izan da gazte edo jubenil mailan. Etxarri Aranazko Gure Pilota taldean urte batzuk eman ondoren, egun Irurtzun taldean aritzen da Aitor Ijurra. 18 urte dauzka, eta gazte mailan aritu da aurten, baina hurrengo denboraldian 22 urtez azpiko mailara eginen du salto. "Helduagoen kontra ariko naiz, baina badaukat gogoa. Pilotak handiagoak eta pisuagoak izango dira, baina alde horretatik gusturago ariko naiz" dio etxarriarrak. Aitor Ijurra kontentu dago egindako denboraldiagatik. Espainiako Txapelketaz galdetuta, berak dio "zailena selekzionatua izatea izan zela". Izan ere, Nafarroako selekziorako hautatua izateko gogor egin behar izan zuen lan etxarriarrak, emaitzak lortu. Espainiako gazte mailako Txapelketa ligaxka moduan jokatu zuten. Gaztela Mantxako selekzioari 22-0 irabazi zion Nafarroa ordezkatzen zuen Aitor Ijurrak, eta Errioxako ordezkariari, aldiz, 22-9. Hortaz, irabazle argia izan zen Aitor Ijurra. Entrenamenduei dagokienez, egun astean bitan pilotaka aritzen da etxarriarra eta bi egun fisikoa lantzen du Arbizuko kiroldegian. Aitor Zubietarekin entrenatzen du Etxarrin, eta noizbehinka Irurtzunera joaten da. Hurrengo urtean bide beretik jarraitzeko asmoa du.