Zubieta lesionatuta

Guaixe 2011ko uztailaren 13a

Sanferminetako Binakako Torneoa ongi hasi zuten Titinek eta Aitor Zubietak. Lehenengo partidan, partida ikusgarrian, Berasaluze VIII.a eta Begino 22-12 hartu zituzten menpean. Zubietaren eguna izan zen eta bera izan zen partidako onena. Etxarriarrak Labriteko zaleak zutiarazi zituen. Astelehenean Irujo eta Merino II.a zituzten aurkari Titinek eta Zubietak, eta 3-6 irabazten zihoazenean gertatu zen ezbeharra. Ezker hankan mina hartu zuen Zubietak eta aldageletarako bidea hartu behar izan zuen. Belauneko lesiotik osatu berria dago etxarriarra, eta hasiera batean okerrena espero zuten Labriten bildu zirenak, baina lesioa ez da hain larria. Ezker hankako txorkatila bihurritu zuen Zubietak, eta aste pare bat emango ditu bajan.Zubietak gogo asko zituen sanferminetako torneoan finalera sailkatzeko. Ostegunean jokatuko da finala eta hurrengo egunean, ostiralean, ezkonduko da etxarriarra. Hortaz, irabaziz gero sekulako oparia jasoko luke etxarriarrak. Dena den, Zubietak ez dizkio buelta gehiagorik eman nahi kontuari. Dagoeneko tratamenduan hasi da eta ezkontzaren hurrengo egunak errehabilitazioan eman beharko ditu.