Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herriko festak bete-betean direla, asteazkenean, Udaberri elkarteak egoitzan egindako lanak mustu eta bazkide eguna ospatuko du. Eguberritan jaso zuten elkarte eraberritua, baina baimen kontuak direla eta mustutze ekitaldia atzeratu behar izan dute 50 bat bazkideek. Guztiz eraberritu dute elkartea. Iban Verdugo juntako-kideak esan digunez, horrelakoa da elkartearen banaketa: behe solairuan, beheko sua, jantoki txikia taberna, eskailera (kiribilaren ordezkoa) eta haren azpian biltegi txiki bat daude; lehen solairuan jangela handia, sukaldea eta komunak daude; ganboikoan, azkenik, biltegia eta bulegoa daude. Verdugok azaldu digu guztia eraberritzeko lanek 60.000 euro inguruko aurrekontua izan dutela. Haiei aurre egiteko Udaberri elkarteko kideek mailegu bat eskatu dute eta haien asmoa da mailegu horri pixkanaka aurre egitea. Makina bat urte ditu Udaberri elkarteak eta berritzeko premia zuen. Aurretik bere kide zirenetako batzuek Larrañeta eta Karrikestu elkarteak sustatu zituzten. Verdugok azaldu digunez, elkartean gelditu zirenek jende berria sartu beharra ikusi zuten. Hala, 18 eta 25 urte bitarteko makina bat gazte egin ziren Udaberriko bazkide. "Sarrera kuota merkexeago jarri genuen eta kuotak ahal zena egokitu genuen gazteak sartu ahal izateko", esan digu Verdugok. Guztiek, asteazkenean haien eguna ospatuko dute. Udaberri elkartearekin sei dira Etxarrin dauden elkarteak. Etxeazpi, Gure Etxea, Harzabal, Karrikestu eta Larrañeta dira besteak.Egitaraua11:30ean Auzatea elkartean sagardo barrikotearekin. 12:00etan Mustutze txupinazoa. 13:00etan Trikipoteoan herrian barna. 14:30ean Bazkaria. Ondoren trikitilariak eta sagardo barrikotea.