Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aguraingo Kaotiko taldea ez da atzokoa. Dagoeneko 10 urte bete dira lehen diskoa atera zuenetik. Mundo kaotiko (Oihuka) diskoa ibilbide oparo baten hasiera baino ez zen izan. Ondotik beste bost disko etorri dira: Raska y pierde (2003, Oihuka), Destino escrito (2006, Universal), Adrenalina (2008, Oihuka) eta Reacciona (2010, Baga-Biga) estudio diskoak eta 2005ean grabatutako zuzenekoa (Gor). Ibilbide arrakastatsuak argi uzten du 2001ean argitaratutako lehen disko hura egitasmo sendo baten zimendu irmoa izan zela. Horregatik, Xabi Aldaz etxarriarraren taldeak modu berezian ospatu nahi izan du disko harren urtemuga. Zuzeneko DVD-CDa grabatu dute Baga-Biga diskoetxearekin.ZuzenekoaAgorrilaren 24an Bilboko Aste Nagusian jo zuten. Botika Zaharreko eskenatokian zuzeneko DVD-CD berria grabatu zuten. Boskoteak ikuskizun itzela antolatu zuen, soinu eta argi ikusgarriekin girotua. Musikari ospetsuen laguntza ere izan zuten. Besteak beste, han egon ziren Reincidentes taldeko Fernando, Boikot taldeko Juankar, Gatibuko Alex Sardui eta Lendakarik Muertos taldeko Aitor. Aguraindarrek bost diskoetako abesti ezagunenak eskaini zituzten. 10 urteko eskarmentua agerian geratu zen oholtza gainean. Araba eta Nafarroa arteko mugan sortutako punk-rock indartsuak ederki berotu zuen Bilboko Aste Nagusia. Kaotiko zaleek gehitu zuten txinparta, giroa sutan jarriz. Kontzertuko sugarra Sakanaraino iritsi zen. Xabi Aldaz, bateria etxarriarrak kontzertuaren berri eman zuen Beleixe irratian (FM 107,3). GertutikXabi Aldaz, Kaotiko taldeko bateriaZer dela eta grabatuko duzue zuzeneko disko hau?Lehen diskoaren 10. urtemuga ospatzeko guru ibilbide musikalean egindako lana islatu nahi genuen. Bilboko Udalak Aste Nagusian jotzeko deitu gintuen eta zuzenekoa grabatzeko toki aproposa iruditu zitzaigun. Botika Zaharrak azpiegitura ikaragarria du eta festetan jendez gainezka egoten da. Nola prestatzen da horrelako grabazio bat?Bi hilabete topera daramagu. Lehen lana errepertorioa aukeratzea da eta ez da samurra estudioko 5 disko baititugu. Kontzertuetan ongi funtzionatu duten disko bakoitzeko 5-6 abesti arrakastatsuenak aukeratu ditugu. Batzuk aspaldikoak dira eta berreskuratu egin behar. Nik uste dut jendearendako oso polita izanen dela. Diskoak irudia ere izanen du.Bai, azpiegitura handia izanen da: soinu asko, pantailak, panelak, kamerak, ikusle asko... Zenbat denbora behar da lana kalean ikusteko?Durangoko azokarako egotea nahi genuke, baina diskoetxearekin negoziatu behar. Nola daude disko salmentak?Espero dut DVD izanda zerbait gehiago salduko dela, baina ez gaitu apuratzen. Badakigu deskarga asko daudela eta ez gaude horren aurka; guretako mesedegarri da, internet eta sare sozialak urrutira ateratzeko modua baita. Batzuetan diskoarekin dirua galdu arren, inbertsio hori egin behar da, gero musikaz gozatzeko eta hemendik urte batzuetarako gauza polit bat edukitzeko. Nola dator negua?Udan lanpetuta egon gara, bai diskoaren, bai kontzertuekin. Batez ere Euskal Herrian jo dugu, baita Bartzelonan eta Leonen ere, eta harrera onarekin. Orain, negua lasai hartuko dugu diskoko irudia eta soinua ongi lantzeko. Urtarriletik aurrera diskoa aurkezten eta udako birarekin hasiko gara.