Denboraldi hasierara indarberriturik

Guaixe 2011ko irailaren 16a

Aurten prestaketak beste urte batzuetan baino beranduago hasi badituzte ere, eta aurre denboraldian oso fin ibil ez baziren ere, jokatutako 4 partiduetatik bakarra irabazi baitzuten, Etxarriko futbol taldeak gogotsu hartu du 2011-2012 denboraldia. Pasa den larunbatean jokatu zuten lehen partidua eta Ultzamaren kontra lortutako garaipenak, momentuz, 2. postuan egotea ekarri dio. Hori da aurten etxarriarrek duten helburu nagusia, goiko postuetan mantentzea eta ahal izanez gero eta, denboraldia ongi badoa, heldu den urtean goiko kategorietan egoteko txartela lortzea.Helburu hori lortzeko, ez dute aldaketa asko egin nahi izan. Taldekoek aurretik elkar ezagutzen dutenez, badakite bakoitzak non eta nola jokatzen duen hobekien eta zeintzuk diren bakoitzaren ahulguneak. Horregatik, aurreko denboraldiaren bukaeran taldea utzi zuten 2 jokalariren lekua betetzeko jubeniletatik beste 2 pasa dira erregionaletara. Aldaketa nabarmenena, atezainarena izan da. Aurten dorrobar bat izango baita etxarriarren atean golik ez sartzeaz arduratuko dena.Jokalarien artean, aldaketa handirik egon ez bada ere, etxarriarrek zuzendari eta entrenatzaile berriak dituzte. Batetik, pasa den urtean taldeko zuzendari zen Asier Ijurrak postua utzi eta berak utzitako lekua Eduardo Elsok hartu behar izan du. Eta bestetik, aurreko entrenatzaileak Etxarrira joateko arazoak zituela eta, taldea utzi behar izan zuen eta bere ordez Arretxe eta Eduardo bera daude aurten taldea zuzentzen.Etxeko lehen partidua bihar jokatuko dute Lagunaken kontra, arratsaldeko 17:00etan.